Bera Kruzeko ikasleek irabazi dute Bera Kruz Urban Race lasterketa eta proiektuen kudeaketa saria
Pozik baino pozago daude DBH2ko ikasle, irakasle, guraso eta languntzaileak ekimenaren emaitzagaz. Giro apartean egin dute lasterketa parte hartu duten 11 autoek.
Markina-Xemeingo Zelai inguruak auto elektrikoen joan-etorriagaz bete dira gaur (zapatua, ekainak 15) ordu eta erdi inguruan. 12:30ak pasata hasi da Bera Kruz Urban Race, eta 14:00ak arte aritu dira zirkuituari bueltak ematen Gaztelueta ikastetxeko Black, Arrow, Alpha, Beta, Lambda eta Gamma taldeak, Jesuinitak ikastetxeko Red eta Green taldeak, Somorrostroko ikastetxeko S15 taldea, GPZ talde independentea eta Bera Kruzeko BKI Racing eta BK Speed Masters taldeak. Zirkuitu ondoan ume, gazte zein helduak, parte hartzaileek animo eta txaloak eskaintzen. Lasterketa polita izan da.
Sari banaketa 15:00etarako iragarrita bazegoen ere, zer edo zer arinago egin dute. Lasterketaren podiumaren gorenera igo dira Bera Kruzeko BKI Racing Taldekoak. Bigarren sailkatua Gazteluetako Lambda taldea izan da, eta hirugarrena, GPZ talde independentea izan da.
Ez dira sari bakarrak izan. Izan ere, lasterketa hasi aurretik hasi eta egin bitartean, proiektuen aurkezpena egin dute ikastolan, ingeniariz osatutako epaimahai baten aurrean. Pozik zeuden emaitzagaz Bera Kruzekoak. Eta egotekoa da. Lasterketan gertatu modura, BK Speed Masters taldeak irabazi du Proiektuen kudeaketa saria (390 puntu). Bigarren postuan Gazteluetako Lambda taldea eta hirugarren postuan Jesuinitak ikastetxeko Red taldea sailkatu dira.Â
Bost sari berezi ere banatu dituzte: Best Presented Tem saria Somorrostroko S15 taldeak irabazi du; Greenest Bodywork saria Jesuinitak ikastetxeko Green taldeak; Best Engineered Car saria GPZk; Best Bodywork saria Omega 9 taldeak eta Spirit of Greenpower saria, azkenik, Bera Kruzeko Amy eta Julenek.
Urte osoko egitasmoari amaiera emateko modu ezin hobea izan da, egindakoagaz eta ikasi dutenagaz harro egoteko eguna.