Luke Burns australiarrak eta Irene Loizate durangarrak irabazi dute Lekeitioko 27. Triatloia
ANB Fanox Triatloi taldeko Ander Okamika lekeitiarrak eta Athletico San Sebastian taldeko Maddi Marquetek irabazi dute Euskadiko txapelketa.
Lekeitioko 27. Triatloia erakustaldi ederra emanda irabazi dute Luke Burns australiarrak eta Saltoki Trikideak taldeko Irene Loizate durangarrak. 1.00.03 denboragaz irabazi zuen australiarrak, eta 1.08.32 denboragaz durangarrak. Gizonezkoen podiuma Callum MacClusky britainiarrak (1.00.13) eta Ander Okamika lekeitiarrak (1.00.20) osatu dute. Emakumezkoena, berriz, Matilda Vilder australiarrak (1.11.41) eta Nuria Rodriguezek (1.12.55) osatu dute.
Gizonezkoetan, oso lehiatua izan zen proba. Azken unera arte, ez zen erabaki irabazlea. Lehen hiru sailkatuak 17 segundoren barruan. “Ohikoa den modura, probako lehen sailkatuak bizikletako zatian hasi ziren aurrean ipintzen”. Emakumezkoen kasuan, berriz, Loizate hasiera-hasieratik jarri zen buruan, eta abantaila horri eutsi zion bukaera arte. “Sekulako lasterketa egin zuen. Igerian bosgarren partzialik onena egin zuen, eta bizikletan eta korrikan berak egin zuen partzialik onena; batez ere, korrika. Alde handiagaz bera izan zen azkarrena, eta maila bikaina erakutsi zuen; sekulako erritmoan hasi eta amaitu zuen proba”.
Euskadiko txapelketa ere jokoan egon zen. Gizonezkoetan, Ander Okamika lekeitiarra izan zen onena. Xabier Tijerok eta Iker Ortiz de Zaratek osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan, Maddi Marquet izan zen azkarrena. Mireia Arrillaga eta Naia Ozkorta lekeitiarrek osatu zuten podiuma.
Lea-Artibaiko triatletek ere sasoiko daudela erakutsi zuten. Garraitz Kirol Taldeko Mireia Arrillaga lekeitiarrak bosgarren postua lortu zuen (1.14.25) eta Yepa! Triatloi Klubeko Naia Ozkorta lekeitiarrak bederatzigarren amaitu zuen (1.17.56). Amandarrikoek podiuma lortu dute kadete mailan. Mikel Arrasatek lehen postua gizonezkoetan. Eta Klaudia Erkiagak bigarren amaitu du emakumezkoetan. Garraitzeko Igor Ruizek, berriz, bigarren postua eskuratu du junior mailan, gizonezkoetan. Eta Garraitzeko IƱaki Mendietak bigarren egin du Beterano3 kategorian, gizonezkoetan.
Taldeka Saltoki Trikideak taldekoak izan dira onenak emakumezkoetan eta Ascentrium Arabatri taldekoak izan dira onenak gizonezkoetan. Lekeitioko Amandarri triatloi taldeak hirugarren postua lortu du taldeka, gizonezkoetan, bigarren urtez jarraian.
Garraitz Kirol Taldeko kideek balorazio oso ona egin dute. “Ikusle asko hurreratu zen proba ikustera. Plaza ingurua eta portuko kaleak zalez bete-bete eginda egon ziren. Antolakuntzarentzako oso pozgarria da. Boluntarioen lana ere eskertu nahiko genuke. 200 boluntariotik gora ibili ziren proban laguntzen, eta horiek barik ez dago triatloirik”.