Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolaren jaiak olatu urdina sortu du
Jendetsua izan da Goizeko Izarra ikastolaren 50. urteurreneko eta ikasturte bukaerako jaia. Ikastolako arduradunek balorazio ona egin dute: «Herri mailan giro bikaina egon zen».
Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolak 50. urteurreneko eta ikasturte bukaerako jaia egin zuen zapatuan, kalean. Kamiseta eta zapi urdina jantzita, ehunka izan ziren jaian parte hartu zuten herritarrak.
Garazi Madera ikastolako gurasoak eta Nerea Arrizabalaga zuzendariak botatako itxapleroarekin hasi zen jaia, eguerdian. Eta goizaldera arte, jai giroa izan zen nagusi Mutrikun.
Argazki erraldoia ateratzerakoan, bazkarira ez zihoazenak ere agertu zirela esan dute. «300 lagunetik gora batu ginen. Goiko Plazan olatu urdin erraldoia osatu genuen. Oso polita izan zen», esan dute ikastolako arduradunek. Zehaztu dutenez, bazkarian 280 lagun batu ziren, eta giroa «sekulakoa» izan zen.
Bazkalostean umeek jolasak egin zituzten. “Parte hartu zuten umeek gozatu ederra hartu zuten”. Eta paper gainean horma-irudiak margotzen ere ibili ziren Beheko Plazako arkupeetan.
Joxe Mendizabalekin erromeria egin zuten Beheko Plazan. Bertaratu zirenek 20:00ak arte gerriak astintzen ibili ziren. Ekimenekin amaitzeko, Agurra dantzatu zuten Beheko Plazan ikasle, guraso, irakasle eta gerturatu ziren guztiek. “Erromeria amaitu zenean Agurra dantzatu genuen. Urteurren ekimenei sarrera eramateko Agurra dantzatu genuen, eta ekimenak borobiltzeko berriro ere dantzatzea egokia iruditu zitzaigun”.
Zozketak ere egin zituzten, eta zenbaki saritua dutenei ikastolara deitzeko eskatu diete (943-60 36 75).
Ikastolako arduradunek jaiaren balorazio ona egin dute: «Ekintzak oso ondo atera ziren, eta herri mailan giro bikaina egon zen. Gurasoen parte hartzea ere eskertu nahiko genuke. Eskerrik asko guztioi. Batez ere urte osoan lanean egon diren boluntarioei».
Zenbaki sarituak:
- Asier Illarramendiren kamiseta. Zenbaki saritua: 0505 (ordezkoa, 10:33).
- Iñigo Martinezen kamiseta. 0615 (0564).
- Oier Sanjurjoren kamiseta. 0252 (0531).
- Arnaitz Arbilaren kamiseta. 1359 (2458).
- Kepa Arrizabalagaren eskularruak. 2073 (0220).
- Maialen Naberanen material sorta. 1150 (1477).
- Iraia Iparragirreren material sorta. 1278 (0346).
- Oihana Kortazarren kamiseta. 0154 (0641).