Ondarroako Dantzarteko dantzariek ikasturte amaierako emanaldi dotorea eskaini dute
Ikasturtean ikasitako 21 koreografia taularatu dituzte herriko 118 dantzari gaztek.
Ondarroako Dantzarte dantza taldeak ikasturte amaierako dantza emanaldia eskaini zuen domekan [ekainak 16], Zaldupe kiroldegian. Ordu eta erdiko tartean, ikasturtean ikasitako 21 koreografia taularatu zituzten herriko 118 dantzari gaztek. “Haurrek eta gaztetxoek primerako emanaldia eskaini zuten. Kiroldegiko harmaila guztiak bete-bete egin ziren, eta ikusleak oso gustura ikusi genituen. Saio guztiak txalo zaparrada bategaz eskertu zituzten”.
Boom koreografia taularatu zuten lehenengo, eta Ganstadise koreografiak borobildu zuen emanaldia. Tartean estilo klasikoa, neoklasikoa, hip-hopa edo garaikideren kutsua eduki zuten. Ikasleek interpretatu zituzten abestiak: Nor Dator?, Are, Loretxoa, Too good at goodbyes, Iepa Mundua, Controlla, Aske, Ispilua, M&M, Bach-en atala, Yytoi, Bum bum pa!, Punten suite-a, Pour & Dope, Bounce, Hirukote eta Bombs.