Erantzun ona eduki dute Lekeitioko Tximista Atletismo Taldearen 30. urteurreneko ekintzek
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldearen 30. urteurrenaren harira, hainbat ekintza egin dituzte asteburuan. Taldeak, hain zuzen ere, sorreratik egindako lana plazaratu nahi izan du jai txiki bat antolatuta.
Urteurren ospakizunagaz lotuta, kirol ekimenak, erakusketa eta aitorpen ekitaldia egin dituzte, eta herritarren aldetik erantzun oso ona eduki dutela aitortu dute Tximistakoek. Ekintzetan jende asko batu dela esan dute. Besteak beste, taldearen ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa egin dute Barandiaran aretoan, eta arrakastatsua izan dela nabarmendu dute. “Azken 30 urteotako argazkiak, markak, arropa, materiala, taldeak lortutako saririk adierazgarrienak… egon dira ikusgai, eta jendeari asko gustatu zaio. Egia esan, taldearen historia ezagutzera jende asko bertaratu da”.
Domekan [ekainak 16], berriz, kirolagaz zerikusia duten bestelako ekintzak egin zituzten. Alde batetik, Munduko errekorretatik bost zelakoak diren irudikatu zuten plazaren alderdi batean. “Altuera jausiko errekorrak listoian zer altuerara dauden ipini genituen. Hondarrezko gune txiki bat ere ipini genuen, eta luzera jausia eta jausi hirukoitzaren errekorrak noraino ailegatzen diren ere irudikatu genituen. Jendeari oso ikusgarria iruditu zitzaion ekimena”.
Kirol ginkanan parte hartu zuten kuadrillek, ondo pasatzeko aukera bikaina eduki zuten. Gazte mailan zortzi taldek parte hartu zuten, eta nagusi mailan, guraso batzuk esperientzia probatzeko animatu ziren. “Atletismoa oinarrian hartuta, banakako hainbat joko egin genituen. Amaitzeko, taldekako erreleboko lasterketa egin genuen”. Ginkana eta gero, ekitaldi ofiziala egin zuten. Bertan, azken 30 urteotan taldea aurrera eramaten lagundu duten pertsona garrantzitsuenei esker ona adierazi eta aitortza egin zieten taldeko ordezkariek. Urteurren ekintzekin amaitzeko, argazki erraldoia atera zuten plazan. “Urte guzti hauetan Tximistan egon diren atletak, laguntzaileak, zuzendaritza taldeko kideak… batu ginen”.
Asteburuko ekintzak, gainera, zuzendaritza talde berriari buruzko ezohiko batzarra ere egiteko ere aprobatxetu dituzte. “Orain arte lehendakaria zenak postua utzi du beste proiektu baten sartu delako. Zuzendaritza taldeak 16 urte daramatza lanean, eta guraso eta bazkide guztiei egoera azaltzeko aprobetxatzeaz gain, taldea berritzen joateko laguntza eskatu diegu. Odol eta haize berriak behar ditugu”.