Ondarroako Galizia Etxea, mende erdia Galiziako eta Euskal Herriko kultura uztartzen
Ondarroako Galizia Etxearen 50. urteurrena ospatzen hasi dira. Ekitaldi ofiziala egin dute, eta bertan, Galiziako eta Euskal Herriko hainbat agintarik parte hartu dute. Ospakizunek irailean jarraituko dute, hiru eguneko jaiagaz.
Ondarroako Galizia Etxea 1969ko ekainaren 14an sortu zen, eta hain data garrantzitsuaren harira, 50. urteurreneko ekitaldi ofiziala egin zuten zapatuan [ekainak 15], Beikozini aretoan. Ekitaldian, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Antonio Casas Galiziako Xuntako emigrazioko idazkariordeak, Pilar Rodriguez Euskadiko Galizia Etxeen presidenteak, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak, Armindo Peso Ondarroako Galizia Etxeko lehendakariak eta beste hainbat Galizia Etxeetako hainbat ordezkarik parte hartu zuten.
Urrezko ezteiak ospatzeko ekitaldia aurreskuagaz hasi zuten. Agustin Etxebarriak dantzan egin zien agintariei, Karmelo Bilbaok txistua jotzen zuen bitartean. Ondoren, agintariek hartu zuten hitza. Ondarroako Galizia Etxeak Galiziako kultura eta ohiturak borondatez zabaltzeko egiten duen lana eskertu eta goraipatu nahi izan zuten ekitaldira hurreratu ziren agintariek.
Armindo Peso elkarteko presidenteak, berriz, elkartearen ibilbidea errepasatu nahi izan zuen. Elkarteko sortzaileak eta lehen zuzendaritza taldea gogoratu zituen, besteak beste. Eta, bide horretatik, Alejandro Fernandez Soliño Jano elkarteko sortzaileari eta hainbat urtez elkarteko presidentea izandakoari aitortza egin zioten, urrezko intsignia emanaz. “Erabat hunkituta jaso zuen saria”. Fernandez, hain zuzen, Ondarroara etorri zen lehenengotariko galiziarra izan zen. Ekitaldian egon ziren agintariei ere 50. urteurreneko oroigarri bana eman zieten.
Ekitaldian, bestaldean, Kaintaze abesbatzakoek Camariñas, Izar ederrak eta Agur jaunak eta andreak kantuak interpretatu zituzten. “Ezusteko galanta eman ziguten. Kantuetako bat galegoz interpretatu zuten; momentu oso hunkigarria izan zen bertan batu ginenentzako”. Eta, estreinako, Ondarroako Galizia Etxeko Os novos mariñeiros gaitero taldeak emanaldia eskaini zuen. “Duela 20 urte baino gehiago desagertu zen herrian zegoen taldea, eta talde sortu berriak eman zuen lehen emanaldia izan zen zapatukoa. Oraingoz, taldea osatzen dutenak Bilboko Errekalde auzoko A Casa da Troulako kideak dira, baina gure asmoa herrian jende gehiago batu eta taldea suspertzea da”.
Ekitaldi xume bezain hunkigarria Galiziako ereserkiagaz borobildu zuten. Azkenik, bazkaria egin zuten elkartearen egoitzan. 64 lagun batu ziren jan-edanean, giro ederrean.