'Mendexarrok lanean' da aurtengo Mendexako argazki zaharren erakusketaren gaia
Urrira arte izango dute herritarrek udaletxean argazkiak uzteko aukera. Leixarra Ondarea Babesteko Elkarteko kideei ere zuzenean eman ahal zaizkie.
Mendexako Leixarra Ondarea Babesteko Elkarteak, urtero bezala, argazki zaharren erakusketa egingo du Gabonetan, eta jada erabaki dute zein izango den aurtengo gaia: Mendexarrok lanean. Urrira bitartetan dute herritarrek argazkiak udaletxean uzteko aukera. Kartazal batean sartuta eroan behar dira, izen eta telefono zenbaki batekin identifikatuta. Elkarteko kideei ere argazkiak zuzenean emateko aukera badagoela adierazi dute antolatzaileek.
1980. urtera arteko argazkiak batu nahi dituzte erakusketan: soloan, ortuan, animaliekin basoan, ontzioletan, kordelerietan, baserrian, etxean, sukaldean, dolarean, ehizan, tabernan… “Gaia erakargarria iruditu zaigu, eta artxiboan gordeta dauzkagun argazkiak herritarrek ekarritakoekin batuz eratu nahi dugu erakusketa”, azaldu dute Leixarra Ondarea Babesteko Elkartekoek.
Herritarrak izaten dira urtero protagonista. Izan ere, beraiei begira antolatzen dute argazki zaharren erakusketa: “Beraiek disfrutatzea eta topagune bat bilakatzea izaten da helburua. Bizilagunak elkartu eta argazkiak komentatzen dituzte. Hala, guk ere fitxa bat osatzen dugu bakoitzarekin, izan ere, askotan ez dakigu nortzuk diren argazkietan agertzen diren pertsonak, edo zehatz hauek noizkoak diren”.
Ondarea zainduz. Herritarren eta familien historia argazkietan dago, horregatik, elkarteko kideek bizilagunak animatu nahi dituzte ondarea kontserbatzen laguntzeko: “Ekimen polita dela iruditzen zaigu, izan ere, argazki zahar hauek betirako geratzen dira gordeta, hurrengo belaunaldietako herritarrek ikus dezaten”.