Mutriku Futbol Taldeak Herri Jaia egingo du zapatuan
Berdel erre jana, herri bazkaria eta sari banaketa egingo dituzte. Bazkaritarako azken txartelak salgai daudela gogorarazi dute Mutriku Futbol Taldeko arduradunek.
Mutriku Futbol Taldearen 75. urteurreneko ekintza nagusia zapatuan [ekainak 22] ospatuko dute. Urteurrena herritar eta zale guztiekin ospatze aldera, Herri Jaia antolatu dute. “Gure asmoa herrian giro ederra sortzea da”. 12:00etan hasita, eta txarangak giroa alaitzen duen bitartean, sardina erre jana egingo dute Beheko Plazan. Futbol taldeko arduradunek aurreratu dutenez, sardin erreak prezio sinbolikoan banatuko dira. Izan ere, batutako dirua Mutriku Arraun Taldeari laguntzeko izango da.
14:30ean, berriz, herri bazkaria egingo dute Miruaitz frontoian. “Urdailak zer edo zer asetu ondoren, Beheko Plazatik Goiko Plazara kalejira egingo dugu, eta handik frontoira joango gara kalejiran, txarangak alaituta”. Gonbidapena gaur egungo eta garai bateko jokalari, teknikari, guraso eta zuzendari taldeari egin diete, baita eurekin batera urteurrena ospatu nahi duten guztiei ere. Gogorarazi dutenez, bazkaritarako azken txartelak salgai daude. “40 bat txartel geratzen dira bakarrik. Txartelen bat eskuratu nahi dutenek Bar Puertora hurrerartu beharko dute. Azkar ibili, agortu baino lehen”.
Bazkaritan 400 lagunetik gora batzea espero dute, denak ere sentimendu berak batuta. “Bertaratuko diren asko gaur egun futbolean edo taldearekin lotura dutenak izango dira, baina, horiez gain, taldean ibilitakoak eta kanpoan bizi direnak ere etorriko dira”. Bapo bazkaldu ondoren, bestelako ospakizuna ere egingo dute: denboraldiko sari banaketa. “Normalean urtero egiten dugun afaritan banatzen ditugu sariak, baina aurten, ekitaldia herri bazkarian egitea erabaki dugu, sari banaketari kutsu bereziagoa emanaz”. Jaiak iluntzera arte jarraituko du frontoian, musikak girotuta.