11/13 sumarioko auzipetuei babesa eman diete eremu ezberdinetako herritarrek
150 bat lagun dira dagoenerako Jon Maia bertsolariak idatzitako manifestuagaz bat egin dutenak. Etorkizunari ate bat irekitzeko irailaren 14an egingo duten manifestaziora joateko dei egin dute.
11/13 sumarioko auzipetuei babesa eman diete euskal herriko eremu desberdinetako hainbat bizilagunek. Babesa eskaintzeaz gain, konponbidearen alde Jon Maia bertsolariak idatzitako agiria aurkeztu zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian.
150 lagun ingururen babesa jaso du agiriak. Besteren artean, euskal instituzio desberdinetan aritutako karguak, mugimendu sozialetan edo sindikalgintzan ibilitakoak, komunikazioaren alorrekoak, kirolariak edo kulturgileak biltzen ditu; horien artean daude eskualdeotako zenbait bertsolari eta idazle.
Irtenbidera, etorkizuna askatu izenburua du agiriak, eta irailean 47 lagun epaituko dituztela gogorarazten du, «euskal presoen eskubideen alde jarduteagatik». Gainera, orotara, 601 urteko kartzela zigorra eskatzen dutela adierazten du Maiak idatzitako agiriak, eta horren kontra agertzen dira sinatzaileak: «Lehen bezala, orain ere, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu».
Agiriaren sinatzaileek elkarbizitzan eta bakean onarritutako etorkizunaren alde egin gura dute, eta horri ekiteko, iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea «ezinbestekoa» dela uste dute. Hala, ez dituzte atzerapausoak eman gura: «Ez ditugu kate berriak asmatu behar, eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi».
Herritarren alde. Azken urteetan landutako baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea bestelako herri bat sortzeko zimendua direla uste dute agiriaren babesleek. «Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bitartez eta eskubide guztiak errespetatuz eraiki behar dugun etxea da, eta guztiok gara ezinbestekoak».
Horrela, sinatzaileen arabera, ez dira ari bakarrik epaituko dituzten 47 herritarren alde, Euskal Herrian bizi diren norbanako, eragile eta erakunde guztien alde ere egiten dute: «Euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bideak aurrera jarraitu dezan ari gara lanean». Horregatik, irailaren 14an Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia egin dute. «Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate, etorkizuna askatzea guztion erronka da».
Elkartasuna elkartasunari. Irailaren 16an hasiko da 47 herritarren aurkako epaiketa, eta Madrilera joan-etorri asko egin beharko dituzte. Hala, 11/13 sumarioko auzipetuek jakitera eman dute epaiketari aurre egiteko 337.462.000 euroko gastua edukiko dutela, eta diru bilketarako kanpaina bati ekin diote.
Gastu juridikoak, bidaiak, egonaldiak eta abar izango dituztela azaldu dute, eta ohartarazi dute «prozesu judizial luzeak karga ekonomiko itzela» eragingo diela. Dirua eskatzen ibiltzea ez dela erosoa diote, baina egoera zailean dagoenak ere laguntza eskatzen jakin behar duela uste dute. Hala, Laboral Kutxan kontu korronte bat zabaldu dute, nahi duenak diru ekarpena egin dezan: ES82 3035 0057 9205 7005 9033.