Ziortza-Bolibar, San Joan jaietan murgiltzeko prest
Zapatuan [ekainak 22] murgilduko dira jaietan ziortza-bolibartarrak. Beti-betiko esentzia gordetzen duten lau eguneko egitarauagaz datoz herriko jai nagusiak. Beste behin ere, herritarrak izango dira protagonistak.
Badatoz Ziortza-Bolibar kolorez, umorez, musikaz, dantzaz eta, batez ere, giro onez betetzen duten San Joan jaiak. Herriko jai nagusietara doazenek hamaika ekintzaz gozatu ahal izango dute zapatutik [ekainak 22] aurrera.
Ospakizunak zapatuan [ekainak 22] 12:00etan Altzibar aldetik botatako txupinagaz hasiko dituzte, eta bolanderak bota ostean, herriko talde boluntarioak paellak prestatzen hasiko dira.
14:30ean, berriz, kuadrillek prestaturiko paellak jateari ekingo diote. 150 bat herritar batuko dira mahaiaren bueltan, eta arrozagaz batera, elkarteek prestatutako beste hainbat gutizia ere bazkalduko dituzte. Bapo bazkaldu eta gero, ume eta gazteentzako herri kirol parte hartzailea egongo da estreinako 17:30ean. Zapatuko proposamenak Ken-Bat hirukotearen erromeriagaz amaituko dituzte. Zuzenekoan hainbat talde ezagunen bertsioak joko dituzte.
San Joan bezpera [ekainak 23] egun oso berezia izaten da herritarrentzat. Goiz eta eguerdi partean Sorgin Gaberako prestaketa lanetan ibiliko dira herritarrak. Iluntzean, 100 lagunetik gora batuko dira Sorgin Gabeko antzezpenean, aurten ere, sorginen eta pertsonaia mitologikoen batzarleku bihurtuz Ziortza-Bolibar. Antzerkiak ohiko gidoia jarraituko duela aurreratu dute antolatzaileek.
Antzezpena amaitu eta gero, urdaia, txistorra, gazta eta irasagarra dastatzeko aukera edukiko dute bertara doazenek Idoia Markaida eta Roberto Etxeberria trikitilariek giroa berotzen duen bitartean. Hurrengo orduetan, ostera, sua izango da urteko gau motzenaren protagonista. Txistulariekin lagunduta, plazatik kalejiran joango dira hilerri alboko landara, eta han sua piztu ondoren, suaren inguruan akelarrea egingo dute. Dantzan ibili ondoren, plazara bueltatuko dira txistulariek lagunduta. Plazara bueltan, bigarren sorgin dantza eskainiko dute dantzariek, eta ondoren, ez da faltako sorginek egindako edabe magikoa.
Ekainaren 21etik 25era jaiekin zerikusia duten Iraganeko Ziortza-Bolibar, 1983ko San Juan jaiak argazki erakusketa egingo dute arkupean
Akelarrearen ajea igaro ondoren, San Joan Eguna ospatu dute astelehenean [ekainak 24]. Ohitura den modura, meza aurretik, txistularien kalejiragaz hasiko dute eguna, eta elizkizunean, hurrengo urteko suetan erretzeko sobra dotoreak bedeinkatuko dituzte. Mezetatik ateratzean, punta-puntako herri kirolen erakustaldia eskainiko dute Irati Astondoa eta Aitzol Atutxa aizkolariek eta Inhar Urruzuno harri jasotzaileak.
Jaiak amaitzeko, San Joan Txiki Eguna ospatuko dute martitzenean [ekainak 25]. Bereziki umeei zuzendutako eguna izango da. Meza ostean, esaterako, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeko gazteenek erakustaldia eskainiko dute. Eta ohitura den modura, mezetatik irtetean gailetak jan eta ardo zuria edateko aukera egongo da. Arratsaldean, puzgarriak eta egurrezko jokoetan olgetan ibili ahal izango dira gazteenak, eta izozkiagaz ahoa freskatu eta urdailak bete ostean, txupina botata jaiak datorren urtera arte agurtuko dituzte.
Ospakizun egunetan, gainera, jaiekin zerikusia duten Iraganeko Ziortza-Bolibar, 1983ko San Juan jaiak argazki erakusketa egingo dute. Argazkiak nahi duenarentzat ikusgai egongo dira arkupean eskegita. Bertaratzen direnek historian 36 urte atzera egin, eta garai batean zelako jaiak egiten ziren ikusteko aukera edukiko dute argazkien bitartez. Ekainaren 21etik 25era ikusgai egongo da argazki erakusketa.
IAZKO JAIETAKO ARGAKI GALERIA: