Ama Lur kuadrillaren paellak irabazi du Aulestiko San Joan jaietako lehiaketa
Txapelketara aurkeztutako paellak aitzakia modura hartuta, herri bazkaritan batu dira herritarrak, giro ederrean. Udaletxeko arkupean ez eze, beste leku batzuetan bazkaldu dute kuadrillek.
Herriko jai nagusietan murgilduta dabiltza aulestiarrak. San Joan jaietako bigarren jai eguna ospatzen ibili dira gaur [ekainak 22], eta ohi modura, paella lehiaketa izan da eguneko ekintzarik nagusiena. XIX. Paella lehiaketara 21 paella aurkeztu dituzte, eta horietan guztietan puntuazio onena Ama Lur kuadrillarenak eduki duela erabaki du epaimahaiak. Kuadrillako gazteenek pozik jaso dute 110 euroko saria Jone Antsotegi alkatearen eskutik.
Sari nagusia irabaztea ezusteko ikaragarria izan dela nabarmendu dute. Haragi paella prestatu dute, barazkiekin apainduta. Lortutako saria, hurrengo urterako gordeko dutela esan dute. Beste hiru sari ere banatu dituzte. 90 euroko bigarren saria Paola eta bere kuadrillakoek eskuratu dute, eta 60 euroko hirugarren eta 25 euroko sariak, berriz, Guenetxearentzat eta Euskal Sportentzat izan dira.
Mari Loli Kobeaga eta Mari Jose Etxabe epaimahaikideek adierazi dutenez, Ama Lur kuadrillak aurkeztutako arrozak eduki du itxurarik zein zaporerik onena. “Itxura aldetik oso landua egon da; oso originala. Zapore aldetik ere ederra zegoen eta arroza ere puntuan egon da, solte-solte”. Nabarmendu dutenez, oro har, tankera oso oneko paellak aurkeztu dituzte. “Gaurko paellak oso itxurosoak izan dira”. Aipatu dutenez, lehen bi sarituak aukeratzeko orduan, nahikoa argi eduki dute, baina hirugarren eta laugarren sailkatua aukeratzeko orduan zailtasun gehiago izan dituzte. “Hiru berdinketa egon dira, eta horiek apurtzea ez da erraza izan”.
Txapelketan parte hartu duten kuadrillek nork bere lokalean edota elizako atari eta inguruetan prestatu ditu paellak. Ohitura den modura, 14:30eko kanpaikadak jo orduko plazako txosnan aurkeztu behar izan dituzte. 14:20ak inguruan ailegatu da lehena, eta hurrengo minutuetan ailegatu dira hurrengo denak, bata bestearen atzetik. Asko izan dira, eta ia-ia denak ez dira kabitu txosnako barran. Aurten ez dute bat bera ere denboraz kanpo aurkeztu, azkena, lehen kanpaikada jotzen ari zela utzi dute txosnako barraren gainean.