Herri kirolez blai hasi dituzte sanjoanak Ziortza-Bolibarren
Gaur [ekainak 22] hasi dituzte jaiak Ziortza-Bolibarren. Frontoian egin duten herri bazkarian 170 lagunetik gora batu dira, eta arratsaldean, herri kirolak probatzeko aukera eduki dute herriko gazteenek.
Herriko jai nagusiak gaur [ekainak 22] hasi dituzte ziortza-bolibartarrek, 12:00etan Altzibar aldetik botatako txupinagaz. Bolanderak bota orduko, herriko hainbat talde eta kuadrilla paellak prestatzen ibili dira plaza eta inguruetan, bazkalordura arte. 14:30ak bueltan hasi dute bazkaria frontoian, eta bertan batu direnek paellagaz batera, mihia saltsan eta tarta dastatu dituzte. Antolatzaileek agertu dutenez, 170 lagunetik gora batu dira mahaiaren bueltan giro ezinhobean.
Bazkalostean kontu kontari ibili dira herritarrak, eta ondoren ez da jarduerarik falta izan. Plazan batu dira ume eta gazteentzako herri kirol saio parte hartzailea ikusten. Herri kirol saioa Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeko kideek dinamizatu dute, eta bertan parte hartu dutenek ondo pasatzeko aukera ederra eduki dute.
Txikienek, lehendabizi, lokotxak ipini dituzte markatutako lekuetan. Makilak zeinek lurraren gainean arinago ipini ibili ostean, nagusiagoen txanda etorri da. Nagusienek lokotxak jaso behar izan dituzte. Ondoren, txinga eroaten, ingude altxatzen eta orga jokoan ibili dira. Oro har, adinaren arabera egokitutako probak egin behar izan dituzte plazan batutakoen gozamenerako. Azkenik, sokatiran ibili dira. Gurasoak ere animatu dira tiratzera, eta lehiaren gainetik parte hartzea bultzatzea eta taldearen garrantzia erakustea garrantzitsuagoa dela erakutsi dute.