Jokin Murgialdaik irabazi du Berriatuko 38. San Gregorio Saria
Esprintean erabaki da Berriatuko 38. San Gregorio Saria-IV. Asier Aranzeta Memorialeko irabazlea. Eskualdeko txirrindularien artean azkarrena Gaizka Sotil etxebarritarra izan da.
Bi txirrindulari batera heldu ziren helmugara, baina marra igarotzen azkarrena Caja Rural-Seguros RGA taldeko Jokin Murgialdai txirrindularia izan zen. 126 kilometroko ibilbidea osatzeko 3 ordu 9 minutu eta 25 segundo behar izan zituen. Telco M. Ederlan Oses taldeko Victor Etxeberriak txapela esku-eskura eduki bazuen ere, azken metroetan ezin izan zuen Murgialdai gainditu. Podiuma Grupo Eulen taldeko Joseba Lopezek osatu zuen, 16 segundo beranduago helmugaratuta.
Eguraldia lagun, lasterketa inolako arazorik barik egin zela nabarmendu dute Berriatuko Txirrindulari Elkarteko kideek. Elite eta 23 urtez azpiko 72 txirrindularik amaitu zuten aurten Lekoiztik igaro den ibilbide berria. “Txirrindulariei asko gustatu zaie aldaketa”.
Gaineratu dutenez, emozioz betetako lasterketa izan zen. “Lasterketa amaitzeko 40 bat kilometro falta zirenean 23 bat txirrindulariz osatutako talde batek pelotoitik ihes egin zuen”. Espero bezala, Lekoiz gaina izan zen lasterketako tokirik erabakigarriena. “Lekoizen gora ihes eginda zeudenetatik birek aurrea hartu zuten, eta eurak izan ziren lasterketaren buru amaiera arte”.
Eskualdeko txirrindularien artean azkarrena Goierriko TB-Laboral Kutxa taldeko Gaizka Sotil etxebarritarra izan zen. 25. postuan amaitu zuen lasterketa, irabazlearengandik 5 minutu eta 23 segundora. Talde onena, berriz, Caja Rural-Seguros RGA izan zen. Mendiko sari nagusia Gomur-Cantabria infinita taldeko Pelayo Sanchezek eskuratu du (14 puntu) eta tarteko helmugen saria, ostera, Gomur-Cantabria infinita taldeko Angel Coterillok (8 puntu).
SAILKAPENA:
1. Jokin Murgialdai (Caja Rural – Seguros RGA) 3.09.25
2. Victor Etxeberria (Telco M. Ederlan Oses) d.b.
3. Joseba Lopez (Grupo Eulen) 3.25.00
4. Jefferson A. Cepeda (Caja Rural – Seguros RGA) 3.25.00
5. Iker Ballarin (Caja Rural – Seguros RGA) 3.25.00
6. Eusebio Pascual (Caja Rural – Seguros RGA) 3.25.00
7. Javier Gil (Baque) 3.34.00
8. Eduardo Armengol (Ciclismo Riojano Vegabike) 3.34.00
9. Unai Iribar (Caja Rural – Seguros RGA) 3.34.00
10. Unai Esparza (Lizarte) 3.34.00