Mutrikuko puntistek irabazi dute Gipuzkoako Herriarteko Zesta-punta Txapelketa
Mutrikuko taldeak seigarrenez irabazi du Gipuzkoako titulua. Taldeko ordezkariek adierazi dutenez, "asko sufrituta" jantzi dute azken txapela.
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala 2-1 irabazi dute Mutrikuko Danok Bateko puntistek. Nagusien mailan erabaki da txapelketa. Mutrikuarrak kadete eta nagusi mailetan nagusitu dira. Donostia Jai Alaiko puntistek, berriz, gazte mailako norgehiagoka irabazi dute.
Kadete mailan erraz irabazi zuten txapelketako lehen puntua mutrikuarrek. Eñaut Urreistik eta Alain Basterretxeak sekulako partidua jokatu zuten, donostiarrei 30-3 irabaziz. “Espero modura, kadeteen puntua eskuratzea lortu genuen. Kadeteek sekulako txapelketa jokatu dute. Ez dute partidu bat bera ere galdu, eta finalean ere ez zuten hutsik egin, kantxan maila bikaina erakutsiz”. Gazte mailan, berriz, 25-30 galdu zuten Zuhaitz Arrillagak eta Aratz Mendizabal Goixerri-k donostiarren aurka. “Gazte mailan bigarren puntua lortuko genuela uste genuen, baina donostiarrek hobeto jokatu zuten”.
Bana berdinduta, nagusi mailako partiduan erabaki zen txapelketa. 30-29 irabazi zuten Aitor Andonegik eta Mikel Manzisidorrek. “Biak atzelariak badira ere, sekulako partidua jokatu zuten. Bikain moldatu ziren finalean, eta ezusteko ederra eman zuten. Hasieratik aurretik ibili ziren, eta azken tantoetaraino abantaila txiki horri eustea lortu zuten. Azken tantoetan erabat estutu zen partidua. 25na berdinduta gindoazela donostiarrek aurrera hartu zuten, partiduan lehendabiziko aldiz, baina gero, berdinketa lortu, eta gu jarri ginen aurretik, partidua azken tantoan irabaziz”.
Danok Bateko ordezkariak pozik agertu dira txapela seigarrenez jantzi ahal izan dutelako. “Asko sufrituta irabazi dugu. Guretzat ere ezusteko ederra izan da, ez sinesteko modukoa. Gazte mailako puntua galdu ondoren, dena galdutzat ematen genuen eta”.