Trikitixa eta pandero ikastaro bukaerako emanaldia egingo dute Ispasterren
Ispasterko frontoiaren kanpoaldean egingo dute ekitaldia, barikuan [ekainak 28], 18:30ean, eta dantzariak izango dituzte aldamenean. Datorren ikasturtera begira herritarren proposamenak jasotzeko prest azaldu da Garbiñe Saenz de Buruaga alkatea.
Trikitixa eta pandero ikastaroa eman dute aurten, lehenengoz, Ispasterren, eta barikuan [ekainaren 28a], ikasturtean ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izango dute parte hartu dutenek herriko frontoiaren kanpoaldean. Emanaldia 18:30ean egingo dute, dantza ikastaroko ikasleekin batera. Eguraldia ona iragarri badute ere, euria eginez gero, frontoi barrura lekualdatuko dutela ohartarazi du Garbiñe Saenz de Buruaga alkatea.
Hamabost pertsonek eman zuten izena ikasturte hasieran trikitixa zein panderoa ezagutu eta jotzen ikasteko ikastaroan. Aurreikuspen guztiak bete eta “balorazio oso positiboa” egin du Saenz de Buruagak, izan ere, “parte hartu dutenak gustura” egon direla azaldu du, “arrakastatsua” izan dela. Hala, “datorren ikasturtean jarraitzeko prest” daudela gaineratu du, eta horrez gain, ikasle berriak batzea ere espero du: “Abuztuan irekiko dugu deialdi berria”.
Urrian hasita, astelehen eta martitzenetan izan dituzte gazte eta nagusiek trikitixa eta pandero klaseak. Mirari Azkuna etxebarritarra izan dute irakasle, baina Zaloa Zenarrutzabeitiaren laguntza ere jaso dute panderoari dagokionez. Orain, ekaina bukatzearekin batera, ikasturte bukaerako emanaldia egingo dute.
Dantzariak lagun. Musikariak ez dira, bakarrik egongo. Izan ere, dantza ikastaroko ikasleak ere izango dituzte aldamenean: “Zazpi urte daramatzagu dantza ikastaroak ematen, eta aurten, trikitixa eta panderoko lehen ikasleak ditugula aprobetxatuz, beraiek jarriko diete dantzariei musika. Dantzariek urtero ospatzen dute ikasturte bukaera jai giroan, eta aurten, irakasleak harremanetan jarri dira barikuko emanaldia antolatzeko. Baserritarrez jantzita joango gara denok, gainera”.
Oihana Uranga markinarra izan da herriko dantzari nagusien gorputzak mugimenduan jarri dituena. Barikuro aritu dira euskal dantzak prestatzen, eta herriko eskolako ikasleekin batera dantzatuko dute. Iraide Antxia izan dute gaztetxoek irakasle, eta eskolaz kanpoko jarduera izan da eurentzat.
Etorkizunerako proposamenak. Saenz de Buruaga alkateak ikastaroetan parte hartu duten ikasle eta irakasleak eskertu nahi ditu “izan duten pazientzia eta prestutasunagatik”. Hala, helburu nagusia euskal kultura, ohiturak eta jatorria indartzea dela dio. “Herri kirolez gain, trikitixa eta pandero zein dantza ikastaroak herrian emateko aukera izatea pozgarria da, eta datorren urtera begira, txistu ikastaroa ere eskaini nahi dugu”. Horrez gain, herritarrek iradokizun edo proposamenik izanez gero berarekin harremanetan jarri eta horiek aurrera eramateko egon litezkeen aukerak aztertuko dituztela ohartarazi du.