Etxebarriko Udalak hondartzako autobus zerbitzua eskainiko du uztailean
Etxebarritik Karraspiora 15:30ean abiatuko da eta Karraspiotik Etxebarrira 19:30ean. Txoribentan ere egingo du geldialdia.
Aurten ere hondartzara joateko erraztasunak izango dituzte etxebarritarrek. Udaren etorrerarekin batera, urtero modura, hondartzako autobus zerbitzu berezia antolatuko du Etxebarriko Udalak. Uztailaren 1an hasiko da martxan, eta Mendexako Karraspio hondartzaraino eramango ditu herritarrak.
Autobusa uztail osoan egongo da, jai egun eta asteburuak izan ezik. Etxebarritik Karraspiora 15:30ean abiatuko da eta Karraspiotik Etxebarrira 19:30ean. Aurreko urteetan abuztuan ere autobus zerbitzua eduki dute etxebarritarrek, baina udalak azaldu duenez, erabilera txikia zeukan autobusak, eta aurten bakarrik uztailera mugatzea erabaki dute.
Autobus zerbitzuak betiko modura funtzionatuko du, bi geraleku izango dituelarik: herrigunean eta Txoribentan egingo ditu geldialdiak. Bestalde, 3 euro ordaindu beharko da joan-etorria. “Uztail barruan, eguraldi ona dagoenean eskainiko da zerbitzua. Astelehenean zehaztuko dugu autobusa ze egunetan egongo den”.