Markina-Xemeingo Karmen jaietako ekintzetan parte hartzeko izen emateak amaitzear daude
Barikuan amaituko da herri bazkarirako izena emateko epea. Datorren astean hasiko dira danborradako entseguak.
Atarian daude Markina-Xemeingo Karmen jaiak, eta urtero modura, zenbait ekimenetan parte hartzeko izena eman behar da, aldez aurretik. Aste honetan edota hurrengoan amaituko dira epeak.
Barikuan [ekainak 28] amaituko da, esate baterako, uztailaren 13an egingo den Markina-Xemeingo Karmen jaietako herri bazkarian izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek udaletxean eman beharko dute izena 14:30ak orduko, pertsonako 2 euro ordainduta.
Egun berean, herri bazkariaren ostean egingo den Herritxouan parte hartzeko aukera ere zabalik dago. Uztailaren 5era arte edukiko dute norbanakoek edota taldeek izena emateko aukera. Urtero bezala, sariak edukiko dituzte parte hartzaileek, herriko merkatari elkarteko sei bonu: 17 urtetik beherkoentzat hiru egongo dira, eta 17 urtetik gorakoentzat beste hiru. Publikoaren erantzuna, euskararen presentzia, janzkera, orijinaltasuna eta eszenatokiko jarrera baloratuko dituzte antolatzaileek.
Bestalde, uztailaren 12an egongo den danborradan parte hartu nahi dutenak Kareaga dendara joan behar dira. Datorren eguaztenera arte [uztailak 3] dago zabalik izena emateko aukera. Umeez gain, DBHtik gorako ikasleek zein helduek parte hartu dezakete ekimenean.
Danborradako entseguen egutegia ere jakinarazi du Markina-Xemeingo Guraso Elkarteak. Uztailaren 11ko entsegu Orokorra izan ezik, beste guztiak kultur aretoan izango dira:
- Uztailaren 4an, 5ean, 8an, 9an eta 10ean edukiko dituzte entseguak LH1etik LH4ra arteko umeek. LH1 eta LH2 mailatekoek 19:00etatik 19:30era, eta LH3 eta LH4koek 19:30etik 20:00etara.
- Uztailaren 8an, 9an eta 10ean entsegatuko dute LH5, LH6, DBH mailetako ikasleek eta helduek 20:00etatik 20:30era.
- Uztailaren 11n entsegu orokorra egingo da Bekobenta eskolan, 19:00etan. HH5 mailako ikasleak egun horretako entsegura agertu behar direla zehaztu dute antolatzaileek.
- Uztailaren 12an izango da danborrada, 21:00etan.