Lekeitiora bueltatuko dira lehen mailako estropadak
Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak lehiatuko dituzte domekan [ekainak 30], 14 urteren ostean. Zapatuan [ekainak 29], aldiz, KAE2ko arraunlariek Castro Urdialesen dute hitzordua, eta ETEkoek Baionan.
Estropadak Lekeitiora bueltatuko dira domekan, izan ere, 14 urteren ostean Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako jardunaldiak lehiatuko dituzte bertan. Gaur eguerdian [ekainak 27] egin dute banderaren aurkezpena Bilboko BBK Aretoan. Xabier Solaeche Bizkaiko Sareako zuzendaria, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Santi Zumaran Isuntza AEko presidentea eta Antonio Barrena El Correoren Ekitaldi eta Babesle zuzendaria izan dira, besteak beste, aurkezpen ekitaldian.
TKE Ligako arraun taldeek denboraldiko laugarren jardunaldia jokatuko dute domekan. Urdaibaik eta Ondarroak orain arte lortutako emaitzei buelta eman eta gehiago ere badirela erakusteko aukera izango dute 12:00etatik aurrera. 5.556 metrotako estropada egin beharko dute, lau luze eta hiru ziabogarekin. Isuntzak, aldiz, maila gorenean jarraitzeko borrokan “irudi ona” ematen jarraitzeko erronka izango du herritarren aurrean.
Eusko Label Ligaz gain, emakumeen Euskotren Ligako bigarren jardunaldia lehiatuko dute ere. 11:30ean hasiko dute lau traineruek III. El Correo-Kutxabank Bandera eta 2.778 metrotako estropada egin beharko dute, bi luze eta ziaboga bakarra.
Lekeitioko Banderak lehiatu aurretik, Astilleroko Banderak jokatuko dituzte zapatuan Santanderren, eta bertan lortutako emaitzen arabera erabakiko da Eusko Label eta Euskotren ligetako arraun taldeak zein txandatan irtengo diren Lekeitioko uretara. Kaleen zozketa, berriz, 10:00etan egingo dute domekan, delegatuak batzartzen direnean.
Bulego iraunkorra zein epaileen, antidoping eta delegatuen bilerarako gelak Lekeitioko Jubilatuen Etxean egongo dira. VIP palkoa, aldiz, Heliportuaren gunean kokatuko dute antolatzaileek eta Independentzia Plazaren azpian egongo dira dutxak zein aldagelak. Epaileen eta delegatuen karpa zein komunikabidentzako gunea San Juan Talakon egongo dira.
ACTk antolatu du Lekeitioko estropada eta Isuntza Arraun Elkartearen laguntza izan du. El Correo eta Kutxabanken babesa izan dute ere.
TKEko sailkapenak. Gaur gaurkoz, Orio da TKE Ligako liderra 24 punturekin, eta Zierbena du atzetik, 20rekin. Hirugarren eta laugarren postuetan Donostiarra eta Hondarribia daude, 18 puntu dituzte biek; Santurtzik 17 eta Urdaibaik bat gutxiago dauka, 16 puntu. Kaiku da zazpigarrena 12 punturekin, eta Ondarroa zortzigarrena, 11 punturekin. Cabok (8 puntu), Isuntzak (6 puntu), San Pedrok (4 puntu) eta Astillerok (2 puntu) osatzen dute sailkapena.
Patroi onenaren sariari dagokionez, Bilboko Banderan Urdaibaiko Eneko Bilbaok saria jaso bazuen ere Donostiarrako Arkaitz Diaz dago lehen postuan 4 punturekin, Bilbao baino puntu bat gehiagorekin.
KAE2 eta ETE. Etzi, ekainaren 29an, KAE2 eta ETE ligetako estropadak lehiatuko dituzte Castro Urdialesen eta Baionan. Busturialdea, Bermeo eta Mutrikuko arraun taldeek I. Castro Glass Banderan parte hartuko dute 17:00etan. Lau luze eta hiru ziabogatan 5.556 metro egin beharko dituzte. Elantxobeko Banderaren lortutako emaitzen arabera irtengo dira uretara, hala, lehenengo txandan Castro, Mutriku eta San Juan B irtengo dira; bigarrenean, Portu-Deusto, Busturialdea, Bermeo B eta Hondarribia; ohorezko txandan, aldiz, Castro, Portugalete, Getxo eta Orio. Kaleak erabakitzeko batzarra 15:30ean egingo dute.
Sailkapen orokorrari dagokionez, Orio eta Getxo elkarrekin dira lider, 21 punturekin. Bermeo B seigarrena da (14 puntu), Busturialdea zazpigarrena (10 puntu), eta Mutriku hamaikagarrena (4 puntu).
ETE Ligan, denboraldiko bigarren erlojupekoa lehiatuko dute emakumeek, Baiona Hiriko Traineru Estropadan. Bi luze egin beharko dituzte 16:00etan hasita. Hibaika Jamones Ancin taldea da sailkapeneko liderra (33 puntu) eta Isuntza seigarren postuan dago (16 puntu), Ondarroa, aldiz, bederatzigarrenean (8 puntu).