Pentsio duinen eskaera Batzar Nagusietara eraman dute Bizkaiko pentsiodunek
Pertsonen bizi baldintza duinak bultzatzea izan behar da ekintza politikoaren lehentasuna pentsiodunen ustez, eta horregatik, euren aldarrikapenak eraman dituzte Gernika-Lumoko Batzar Nagusietara, "euren eskaerak babes ditzaten".
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehen saioan Bizkaiko pentsiodunen aldarria ozen entzun da Gernika-Lumoko Batzarretxe kanpoaldean. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, pentsio duinen beharrizana politikaren lehen lerrora eraman dute pentsiodunek.
“Gure aldarrikapenak Batzar Nagusietara ekarri nahi izan ditugu gaurkoan. Izan ere, instituzio honek bere agintaldi hasieratik gure eskaerak kontuan izatea eta bere egitea gustatuko litzaiguke”, esan dute Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideek.
Pentsio sistema publikoaren aldeko zalantza gabeko jarrera eta konpromisoa exijitu diote Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, “pentsio publiko duinak, justuak eta bizitzeko bestekoak”. Hala, nahi hori errealitate bihurtzeko neurri politikoak hartzeko eskatu diote. Izan ere, pertsonen bizi baldintza duinak bultzatzea izan behar da ekintza politikoaren lehentasuna pentsiodunen ustez.
Pertsona nagusi eta pentsiodunen bizi baldintza duinak bermatzeko zenbait neurri zehaztu dituzte pentsiodunek: enplegu, pentsio eta soldatetan genero arrakala guztiz desagertzea; prekarietatea areagotu duten 2010 eta 2012ko lan erreformak indargabetzea; pentsioak murrizten dituzten 2011 eta 2013ko pentsio erreformen alde atzerakoienak indargabetzea; eta Europako Gutun Sozialak dioena betetzea.
Europako Gutun Sozial horren arabera, 1.200 euroko gutxieneko soldata eduki behar dute langileek, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar da, eta Gutxieneko Kontsumo Prezioen Indizearen araberako igoera automatikoa bermatu behar da. “Kalitatezko enplegua sortzeko benetako plana exijitzen dugu. Izan ere, aukerarik onena da pertsonak duintasunez bizitzeko”, ozen esan eta euren aldarrikapenen berri eman dute.
Aurrera begira. Pentsiodunen berbetan, kalitatezko enplegua edukitzea da gaurko eta etorkizuneko pentsioak bermetuko dituen bidea.
Etorkizuneko enplegu planean, zergak era progresiboan ordaintzeko errenta zein ondasunen zerga sistema aldatzea beharrezkoa dela uste dute gainera: “Bizkaian Europako Barne Produktu Gordinaren protzetajea parekau eta batez besteko zerga prezioa jarriko balotz, baliabide nahikoa edukiko genuke, besteren artean, pertsonen bizi baldintzak hobetzeko, eskatzen ditugun gutxieneko diru sarrera eta pentsioak bermatzeko, eta genero arrakalagaz bukatzeko“.
Pentsio pribatuen planen eta BGAEren zerga hobariak indargabetu beharko liratekeela ere uste dute. “Bizkaiko Batzar Nagusiek eramandako zerbitzu publikoen pribatizazio politikaren aurka gaude, eta orokorrean zerbitzu publikoak eta osasun kopagoekin zein zerbitzu publikoekin egin denaren aurka gaude. 2012ko estatu mailako sendagaiei buruzko dekretua berehala indargabetzeko eskatzen dugu, eta Bizkaian izan ditzakeen ondorioak konpontzeko eskatzen diogu aldundiari”, adierazi dute gaur goizean pentsiodunek.