Zesta-punta topaketaren bigarren jardunaldia egingo dute Mutrikun
Ekainaren 1an hasi zuten txapelketa eta uztailaren 28an jokatuko dituzte puntistek finalak, Miruaitz frontoian.
Madalen Txapelketako kinielak jokatuko dituzte etzi Mutrikun. Zesta-punta bultzatzeko asmoz Miruaitz pilotalekuan batuko dira Euskal Herriko hainbat herritako eta Bartzelonako puntista gaztetxoak.
16:30ean ekingo diote zesta jokalari gazteen arteko topaketaren bigarren jardunaldiari eta Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek jende mordoa bertaratzea espero dute. Markina,-Xemein, Berriatua, Gernika-Lumo, Hondarribia, Baskonia (Bartzelona), Zumaia eta Mutrikuko eskoletako alebin eta gazte mailako puntistak elkartuko dira kiniela modalitatean lehiatzen.
Iaz, lehenengoz, egin zuten zesta-punta topaketak izan zuen arrakasta ikusita, aurten liga txiki bat antolatzea erabaki dute, eta ekainaren 1an hasi zuten txapelketa. 64 puntista batu ziren Miruaitz pilotalekuan. Etzi, berriz, 38 gazte elkartuko dira. Azken kanporaketa uztailaren 6an jokatuko dute, eta finala uztailaren 28an izango da.
Elkar ezagutzea helburu. Helburu nagusia umeak elkar ezagutzea dela diote antolatzaileek. “Gu saiatzen gara, beste zesta-punta eskola eta elkarte asko bezala, pilotari gazteek beste herrietako jokalariekin harremana izan dezaten, etorkizunera begira beraientzat ere positiboa izan daitekeelako”. Hala, Mutrikuko zesta topaketako antolatzaileek adierazi dute “pozgarria” dela denek “bat eginda” lan egitea.
Ikasturte bukaera. Bihar, aldiz, ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute Danok Bat Pelotazale Elkarteko puntistek herriko frontoian. 19:00etatik hasita, aurten elkartera batu diren pilotari berriei protagonismoa ematea da asmoa, eta gazte maila arteko puntistek kinielak jokatuko dituzte.