Euskal Herrian azken hilketa matxista gertatu denetik Astebete bakarrik igaro dela gogora ekarri zuten Baggaittunekoek. 2003tik Euskal Herrian biolentzia matxistak hil duen 100. emakumea izan da.
Bagaittun Markina-Xemeingo emakume feminista taldeak egindako deiari erantzunez, hainbat lagun elkartu ziren atzo [ekainak 28] arratsaldean Markina-Xemeingo Arkupean, joan den martitzenean Bardozen (Lapurdi) egondako hilketa matxista salatzeko. Bikote bat hilda aurkitu zuten euren etxean, eta poliziaren hipotesi nagusiaren arabera, gizonak hil zuen emakumea, eta ondorne bere buruaz beste egin zuen.
Euskal Herrian azken hilketa matxista gertatu denetik astebete bakarrik igaro dela gogora ekarri zuten Baggaittunekoek. “Oraingoan ere Lapurdin izan da. Bardozen tiroz hil dute 72 urteko emakume bat”.
Azaldu zutenez, 2003tik gaur arte hilketa hau da Euskal Herrian biolentzia matxistak hil duen 100. emakumea. “Indarkeria matxistaren eta sistema kapitalista patriarkalaren ondorioz emakumeok sekulako zapalkuntza jasotzen dugu, eta horren azken muturrean daude hilketak”.
Horregaz guztiagaz amaitu beharra dagoela azpimarratu zuten emakume feminista taldekoek. “Eta horretarako orain arte modura beharrean jarraituko dugu, Euskal herriko mugimendu feministagaz batera, jendartea sensibilizatzen eta emakumeak ahalduntzen”.
Ez daudela prest esan dute, matxismoaren kontrako borrokan atzera pausorik emateko. “Hilketak dauden bitartean, kalera irten eta salatzen jarraituko dugu. Guk argi daukagu: erasorik ez erantzunik gabe”.