Emozioz, musikaz eta dibertsioz bete du Ondarroa 22. Zapato Azulak
Ahozko bolanderekin hasi eta etengabeko jaiagaz gozatzeko aukera eduki dute ondarrutarrek eta Radixu Irratiak antolatutako jaira batu diren ehunka lagunek. Hemen BIDEOA eta ARGAZKI GALERIA!
Punba, punba, punba… Ohitura bihurtu den modura, Manuel Eluk Alaiko balkoitik bota dituen ahozko bolanderekin hasi da Ondarroako 22. Zapato Azule. Nekane Akarregi ondoan eduki du Eluk, eta bien artean ongietorria eman diete ondarrutarrei, kanpokoei eta turistei.
“Aurten be ezta ixe” esanda aurkeztu zuten egitaraua Radixu Irratikoek umorez, baina zer edo zer baino gehiago eskaini du gaur [ekainak 29] Zapato Azulek. Jaia, umore ona, musika aukera zabala bai eta bi azoka ere. Latxanbre plazan jarri dute aurten ere Euskal Herriko Kamiseta Azoka. 19 postu ezberdin egon dira aukeran, hamabi Euskal Herrikoak eta zazpi Ondarroakoak. Kanttoipe Errebueltan, berriz, artisautza azokako postuak egon dira.
Goizetik hasi da musikaz girotzen jaia. Txistulariak, Gasteizko Ttek elektrotxarangak eta Artabidetik Nasa kaleraino kalejiran heldu diren erraldoiak eta Kresalako bandak mugiarazi ditu urdinez jantzitako denak. Horren guztiaren berri eman dute zuzenean Radixuko kideek. Zubi Zaharraren azpitik eskaini dute irratsaio berezia, jaiaren xehetasun guztien jarraipena eginez.
Eguerdiko emozio handieneko momentu bat Dina Bilbao kirolariaren omenezko Dinamartxaren ailegaera izan da. Zalantzak egon dira txirrindulariak nondik nora ailegatuko diren, baina azkenean, antolatzaileek aukeratutako bidea hartu du Dinamartxak. 147 txirrindularik egin dute Gernika-Lumotik Ondarroarako martxa bizikletan, 70 mendizale heldu dira Tolosatik Ondarroara, eta 22 igerilarik egin dute Mutrikutik Ondarroara bitarteko itsas zeharkaldia. Irrintzi eta txalo artean hartu ditu denak Nasa kalean batutako jendetzak. Igerian egin dutenei lehenengo eta txirrindulari eta mendizaleei ondoren; merezitako harrera beroa egin diete denei.
Dinamartxakoei ongietorria eman ostean, Nekane Akarregik Radixu Irratiaren pregoia irakurri du, eta goiza igaro ahala pistak ematen joan bada ere, orduan jakin da aurtengo omenduaren izena: Luis Iriondo Ondarroako marmolaria. Akarregik azaldu duenez, Iriondok egin ditu beti Zapato Azuleko sari preziatuak, marmolezko bolo borobilak. Iriondori aitorpen hori egin nahi izan diote Radixukoek, eta berak egiten dituen sari horiek ere banatu ditu gaurkoan.”Pozik” agertu da Iriondo eta bere esker ona erakutsi nahi izan die Radixukoei balkoitik berba batzuk esanda. Familia ere ondoan eduki du omenduak.
Hiru sari banatu dituzte gaur: Ondarruko erakusleiho onenaren saria Zurrumurruk irabazi du, Kamiseta Azokako Euskal Herriko irabazlea Soraluzeko Aupa Gu izan da, eta Ondarroako kamiseta onenaren saria Manuelistak eraman dute, Marabilli Festibala.
Bestalde, Kamiseta Azokan kamisetak erosi dituztenek zozketa batean parte hartzeko aukera eduki dute. Bi sari egon dira eta irabazleak Edurne Urkiza Solabarrieta (Boga garagardo sorta) eta Julen Beitia Garratxon (Kantabrikok emandako sorta) izan dira.
Bertsolariak ere egon dira tartean; Jon Arrizabalaga Arrik, Jose Mari Aranbarri Botx-ek eta Alexander Idoetak egin dute bertsotan balkoitik.
Kamiseta azokako sari banaketa eta erakusleiho onenaren saria eman ondoren, Txo! Antzerki Kolektiboak aurtengo omenduari buruzko esketx umoretsua eskaini du Kalekurutzeko eskaileratan. Marmolariarena eta hilerriko oroitarri berezia eskatzera doan bezeroarena egin dute Aitor eta Ion Iñaki Artetxek.
Bazkaltzeko tartea hartuta, umeen jolasak egon dira arratsaldean Alai balkoiaren azpian, eta gozoki jaurtiketaren ondoren, herriko beste eremu batzuetara zabaldu da jaia. Frontoian eta Kafeatzean ere zer ospatu egon da. Musika Plazan hainbat kontzertu egon dira eta frontoian askotariko DJ-ak. Kafeatzeko txosna gune berezian berriz, azken urteotan galduta egon den euskal erromeria.
Ondarroatik etxera itzultzeko Gababus zerbitzua edukiko dute Lea-Artibaikoek. Mutrikura doazenek, berriz, Mutrikuko Udalak jarritako zerbitzua izango dute eskura etxera itzultzeko. Izan ere, Lurraldebusek gaueko zerbitzua kendu du, eta udalak zerbitzu hori eskaintzea beregan hartu duela jakinarazi du. Ordutegia: 03:00etan, 05:00etan eta 07:00etan.