Ohitura zaharrek jendez bete dute Lekeitioko San Pedropea
Prozesioa, Kilin Kalakoa, Kaxarranka eta Eguzki dantza izan dira protagonistak goizean. Lehiaketak hartu dute txanda, arratsaldean.
Usadio zaharrak nagusi izan dira, beste behin ere Lekeitioko sanpedroetan. Ohiturari eutsiz, Lekeitioko Udaleko alkate eta zinegotziek prozesioa egin dute gaur [ekainak 29] kofradiako lehendakari eta arduradunekin batera udaletxetik elizaraino, Lekeitioko Musika Bandak lagunduta. Meza ostean berriz, eliz eta erakundeetako arduradunek San Pedroren irudia porturaino eraman eta hango irudiaren aurrean Kilin Kalakoa edo uretara botatzeko keinua egin dute, ohi modura. San Pedropean geldialdia eginda udaletxera abiatu dira.
Asier Uskola hiru bidar igo da Kaxarranka gainera, beti bezala, ikuskizuna eskainiz. San Pedropean, Kofradia aurrean eta plazan egin du dantza ikusgarria, publikoaren txaloek lagunduta. Bien bitartean, Eguzki dantza dantzatu dute Etorkizuna dantza taldeko dantzariek, plazan. Jendez bete dira gaur ere San Pedropea eta plaza.
Bestalde, Aeroplano Bi elkarteak antolatuta, Salazoi Eguna ere ospatu da gaurkoan, bai eta Lekeitioko Lekliktxo Argazki Elkarteak antolatutako III. Argazki Rallya ere. Ibon Noya Egurrolak eraman ditu lehiaketako bi sari nagusiak. Argazki Rallyko Bilduma onenaren lehen saria (100 euro eta bi lagunentzako afaria Mantxua jatetxean) eta Argazki Onenaren saria irabazi ditu Noyak. Bilduma onenaren bigarren saria (75 euro eta bi lagunentzako afaria Goitiko jatetxean), berriz, Carlos Romero Bilbaorentzat izan da, eta Bilduma onenaren 3. saria Jose Luis Rodriguezek irabazi du. Hirugarren sari modura 50 euro eta bi lagunentzako afaria Tia Fran jatetxean eskuratu ditu.
Akarregi pilota taldeak antolatutako Lekeitioko XIV. Buruz buruko Eskupilota Txapelketako finalak ere erabaki dira gaur Santi Brouard frontoian. Paul Erkiaga eta Iker Cazalis nagusitu dira Benjamin mailan Mikel Murelaga eta Lizar Txopiteari 18-12 irabazita. Lau lekeitiarrek partida bikaina jokatu dute. Kantxara ateratzen hurrengoak, alebin mailako Izei Urkidi-Aitor Akarregi, eta Iker Eiguren-Ibai Azpiazu izan dira. Urkidi eta Akarregi izan dira irabazleak 18-10 irabazita, eta Eiguren eta Azpiazu azpitxapeldun geratu dira.
Txikien mailan, nagusitasunez irabazi dute (18-7) Markel Aranbarri lekeitiarrak eta Mikel Egurrola etxebarritarrak. Ekain Idigoras eta Eritz Arrillaga Etxebarriko bikotea izan dituzte aurkari. Azkenik, kadete mailan, 22-9 irabazi diete Etxebarriko Markel Egurrolak eta Jokin Alvarezek Lekeitioko Igotz Aranguena eta Martxel Urkidiri.
Erraldoi berriak. Atzo, San Pedro bezpera hasi zituzten jaiak lekeitiarrek pertsonaia berriekin. Don Terentzio eta Doña Tomasak lagun berriak edukiko dituzte hemendik aurrera. Don Terentzio eta Doña Tomasarekin batera, Antero eta Juana Parla irten ziren Lekeitioko kaleetara Itxaropena txistulari elkarteko kideekin lagundutako kalejiran. Erraldoiekin batera buruhandi berri bat ere aurkeztu dute: ahotik ura botatzen duen antzarra. Guztiak bihar [ekainak 30] aterako dira kalera berriro. Izan ere, San Pedroek aurrera jarrituko dute Lekeition astelehenera [uztailak 1] arte.
ARGAZKI GALERIA (argazkiak Txebi Arriaga)