Enara Bilbao eta Lur Aranburu gimnastikalari ondarrutarrek zilarrezko domina lortu dute Espainiako taldekakoan
Ondarrutarrek junior mailan lortu dute zilarrezko domina, Eibarko Ipurua taldeagaz. Alaitz Aranbarri markina-xemeindarrak bosgarren postua lortu du taldeka, senior mailan.
Espainiako Koparen bigarren fasea jokatu da asteburuan Zaragozako (Espainia) Siglo XXI kirol instalazioan, junior eta senior mailetan. Gimnastikalari ondarrutarrek junior mailan parte hartu dute, eta zilarrezko domina Eibarko Ipurua taldeagaz eskuratu dute. Tolosa izan da lehen sailkatua 15,250 puntugaz, eta Ipuruak emaitza bikaina lortu du 14,200 puntugaz. Podiuma Palas taldeak osatu du, 13,900 puntugaz.
Enara Bilbao eta Lur Aranburu talde berean lehiatu dute. Denetara bost gimnastikalari izan dira taldean, Sara Arangurenegaz, June Herederogaz eta Indira del Pinogaz osatu dute taldea. Xingolagaz eta uztaiagaz oso lan ona egin dute. Eibarko taldeko arduradunez esan dutenez, denboraldiari amaiera ona eman diote, txapelketa hain emaitza onekin amaituta. Tania Nagornaia, Mirian Merino eta Natascha Urmakaeba entrenatzaileak oso pozik geratu dira txapelketan, eta, oro har, denboraldian erakutsi duten maila onagaz.
Alaitz Aranbarri markina-xemeindarrak, berriz, senior mailan parte hartu du. Nahia Arguizekin, Arrate Barojagaz, Nahia Gonzalezegaz eta Jennifer Hernandezegaz osatu du boskotea, eta taldeka bosgarren postua eskuratu dute uztaiagaz eta mazoagaz. “Podiuma lortzeko aukera asko bazituzten ere, pare bat akats egin zituzten, eta, hori dela eta, hiru puntu galdu zituzten”. Emaitza, hala ere, ona dela esan dute. “24 talde izan ginen”.
Aranbarrik binaka ere parte du txapelketan, Nahia Arguizegaz batera. Markina-xemeindarrak xingolagaz egin zuen ariketa eta Arguizek, berriz, mazoagaz. 16. amaitu dute.
Aurreko astean, gainera, Lur Aranburuk Erdidegokako Espainiako txapelketa irabazi zuen Mallorcan (Herrialde Katalanak). Bakarkako txapelketa Euskal selekzioagaz irabazi zuen gimnastikalari ondarrutarrak, eta urrezko domina Leioa, Gasteiz eta Donostiako taldeetako kideen laguntzagaz lortu zuen.
Ipuruako arduradunek nabarmendu dutenez, bakarkako txapelketa bikaina egin zuen ondarrutarrak. Soka modalitateko finalean sartzea lortu zuen. Finalerako txartela lortu zutenen artean 8. postuan amaitu zuen lehia. Eta beste modalitateetan (xingolagaz, mazoagaz eta pilotagaz) finalerako sailkatzerik lortu ez bazuen ere, lan ona egin zuen.