Lekeitio Elkanoren Mundubiran jardunaldiak, martitzenean hasita
Magallanesen eta Elkanoren lehen mundubiran Lekeitiok eduki zuen parte hartzea erakusteko ekintzak egingo dira astebetez Lekeition.
Magallanesen eta Elkanoren lehen mundubiran Lekeitiok eduki zuen parte hartzea erakusteko, Lekeitio Elkarnoren Mundubiren jardunaldiak ospatuko dira martitzenetik [uztailak 2] domekara [uztailak 7] bitartean, Atabaka kultur elkarteak antolatuta. Besteak beste, erakusketa bat, solasaldi bat, film proiekzioa eta antzerki emanaldia egongo dira astebetez Lekeition.
“Jardunaldien helburua ez da omenaldia egitea. Memoria astintzea da gure helburua. Alegia, memoria ezagutzea”, esan dute Atabakakoek. Izan ere, lehen mundubiran parte hartu zuten bost naoetatik bat lekeitiarra zen. “Santa Katalina sienakoa Trinidad izatera pasa zen Magallanesen agindupean. Bertan, marinel lekeitiar batek bidaiatu zuen: Domingo Barruti“. Barrutik, baina, ez zuela mundubira bete esan dute. Borneon ontzia utzi zuen.
Espedizioaren antolatzaile nagusia ere lekeitiarra zela diote: Nikolas Arteita. “Merkatari handia izan zen eta baita Kastillako Erreinuaren Carlos I. erregearen hornitzailea nagusia ere”.
- Erakusketa (uztailak 2-7): Lekeitio Elkanoren Mundubiran, Barandiaran aretoan. Ordutegia: 19:00etatik 22:00etara. Inaugurazio ekitaldia eta bisita gidatua uztailaren 2an, 19:30ean. “Erakusketako protagonistak Nikolas Arteita, Domingo Barruti eta Santa Katalina sienakoa (Trinidad) ontzia dira”.
- Mintegia (uztailak 3, 19:00etan): XVI. Mendeko Euskal Herria itsastiarra. Euskal kostaldeko ontziolak, munduko onenetakoak. Hizlariak: Aitor Leniz eta Lourdes Odriozola (historialariak). Zehaztu dutenez, Lenizek XV. eta XVI. mendeetako euskal ontzigintzaren loraldia izango du hizpide. Odriozolak, ostera, XVI. mendeko euskal kostaldeko itsas testuingurua landuko du.
- Kale ekitaldia (uztailak 5, 12:00): Nikolas Arteita bueltan izenburupean, kale antzerkia egingo dute. 12:00etan parte hartzaileek kalejira egingo dute, udaletxeko eskaileretatik abiatuta. 12:30ean Nikolas Arteitak (Aitor Abaroa) 500 urtetako akorduak ekarriko ditu gogora Mendieta ontziolaren aurrean. “Arteita gaur egun Cadizen (Espainia) dago lurperatuta. Guk esnatu dugu, eta Lekeitiora itzuliko da. Cadizetik Lekeitiorako bidaian idatzi dituen bere bost mendeko oroitzapenak kontatuko dizkigu”.
- Mundubira. Elkano, primus antzezlana (uztailak 5, 20:30): Loraldia Produkzioak taldearen obra Ikusgarri zinema aretoan egongo da ikusgai. Sarrera: 10 euro. Aktoreak: Aitor Borobia, Xabier Ortuzar eta Amaia Lauzirika. Gidoia: Patxo Telleria. Zuzendaria: Elena Bezanilla. Iraupena: 70 minutu. Sinopsia: Elkano hilzorian dago Ozeano Barearen bihotzean. Amets sukarretan ekarriko ditu gogora lehen mundubiraren akorduak. Bidaia hartan parte hartu zuen Juan de Zubilleta itsasmutila alboan dago. Ezinezko abentura haren tirabirak, gosea, aurkikuntzak, sarraskiak… izango ditu hizpide. XVI. mendean euskaldunok izan genuen protagonismoa nabarmenduko dute. Ilargira heltzea bezain harrigarria izan zen bidaia partekatuko dute.
- Elkanoren lehen mundubira filmaren proiekzioa (uztailak 6, 7 eta 8, 17:30): Animaziozko filma Ikusgarri zinema aretoan egongo da ikusgai hiru egunez. Sarrera: 4 euro. Inoiz kontatu ez den abenturarik biribilena paintailaratzen du filmak.
- Old Fashioned Swing Company festa (uztailak 7, 20:30): Jardunaldiekin amaitzeko festa egingo dute San Juan Talako txiringitoan. Swing estiloko musika eta dantza uztartzen dituen kontzertua izango da.