VIII. Bizkaia Txapelketa jokatuko du Andoni Aretxabaletak
Pilotari markina-xemeindarrak Anboto taldean jokatuko du. Binakako modalitatean ariko da, Olaizola II.az bikotea osatuko du.
Gaur [uztailak 1] goizean aurkeztu dute VIII. Bizkaia Txapelketa Bilbon, eta antolatzaileek iragarri dutenez, parte hartuko dute 24 pilotarien artean egongo da Andoni Aretxabaleta pilotari markina-xemeindarra. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, taldeka jokatzen den txapelketa bakarra da. “Gainera, hiru espezialitatetan jokatzen den lehiaketa bakarra da, buruz burukoan, lau t’erdikoan eta binakakoan”.
Sei talde eratu dituzte denetara, eta lau pilotari batuko dituzte talde bakoitzean. Honakoak dira taldeak eta parte hartzaileak: Ganekorta: Ezkurdia-Martija (bikoteka), Peio Etxeberria (lau t’erdikoan) eta Zabala (banakakoan); Oiz: Elezkano II-Zabaleta (bikoteka), Jaka (laur t’erdikoan) eta Elordi (banakakoan); Gorbeia: Altuna III-Rezusta (bikoteka), Retegi II(laur t’erdikoan) eta Dario (banakakoan); Sollube: Artola-Albisu (bikoteka), Bakaikoa (lau t’erdikoan) eta Urretabizkaia (banakakoan); Anboto: Olaizola II-Aretxabaleta (bikoteka), Laso (lau t’erdikoan) eta Arteaga (banakakoan) eta Kolitza: Urrutikoetxea- Mariezkurrena II (bikoteka), Victor (lau t’erdikoan) eta Agirre (banakakoan).
Kanporaketa sistemaren arabera jokatuko dute txapelketa, final-laurdenak, finelerdiak eta finala eginez. Kanporaketa bakoitzean, gutxienez, bi garaipen lortzen dituen taldea sailkatuko da. Binakako partidak 22 tantora izango dira, eta buruz buruko kanporaketak, berriz, 18 tantora.
Bizkaiako bost udalerritan jokatuko dute txapelketa: Etxebarrin, Zierbenan, Barakaldon, Ermuan eta Bilbon. Uztailaren 21ean jokatuko dituzte final-laurdenetako bi kanporaketak. Lehenengo Etxebarrin jokatuko dute eta bigarrena, Barakaldon. Uztailaren 25ean jokatuko dute lehenengo finalerdia, Ermuan, eta bigarrena uztailaren 28an jokatuko dute, Zierbenan. Abuztuaren 20ean, azkenik, Bizkaia Frontoian jokatuko dute final handia.