Juan Jose Gomez: "Neutrinoa bere antipartikula dela frogatu nahi dugu"
Zientziaren Giltzak elkartearen ekimenez, Juan Jose Gomez Cadenas (Cartagena, Espainia, 1960) fisikari ospetsuak 'La sublime utilidad de los inutiles neutrinos' hitzaldia emango du eguaztenean [uztailak 3], 18:30ean, Beikozini aretoan. Sarrera, ohi modura, doakoa da.
Hitzaldiaren izenburua kontuan hartuta, neutrinoek erabilgarritasun handia baldin badute, zergatik esaten da ezeresa direla?
Neutrinoak partikula arinak dira, eta ia ez dute masarik ezta kargarik ere. Are gehiago, erreakzio nuklearren hondarra dela esaten da kasu askotan. Hori jakinda, askorek neutrinoak ez duela ezertarako balio pentsa dezake.
Hitzaldian zelan agertuko duzu hori guztia?
Edozeinek erraz ulertzeko moduko hitzaldia izango da, denok gonbidatuta zaudete. Era entretenigarri batean, hainbat adibide dibertigarri eta praktiko azalduko ditut. Ustez ezertarako balio ez duen neutrinoaren erabilgarritasun anitzak zertan datzan erakutsiko dut.
Zer esaterako?
Neutrinoei esker Lur barneko mapa zehatzagoak egitea lortu da, eta izarren edo supernoben portaera hobeto ulertzen ere lagundu digu. Neutrinoak, gainera, era interesgarri askotan aplikatu daitezke.
Zer eratara?
Teoria baten arabera, argi sortak edo irrati uhinak erabili ordez, zibilizazio aurreratuak neutrinoak erabilita komunikatuko omen dira galaxian.
Urteak daramatzazu neutrinoak aztertzen. Besteak beste NEXT deritzon proiektua zuzentzen diarduzu. Horri buruz ere hitz egingo duzu?
Bai, noski. Canfranc-eko (Huesca, Espainia) Lurrazpiko Laborategian azken hamar urteotan egiten ari garen esperimentua da NEXT. Esperimentuagaz neutrinoa bere antipartikula dela frogatu nahi dugu. Hau da, neutrinoa, aldi berean, materia eta antimateria dela frogatu nahi dugu. Eta hala frogratzen bada, neutrinoa gaitasun hori duen partikula bakarra izango litzateke.
NEXT esperimentuari esker beste ezer garatu duzue?
Esperimentua garatzen ari ginela, Paola Ferrario taldeko ikertzaileari bururatu zitzaion neutrinoaren propietateak bilatzeko erabiltzen ari garen detektagailu mota bera PET mediku eskanerra egiteko erabili ahalko litzatekeela. Aparatu mediku horri esker, tumoreak, esate baterako, ohiko aparatuekin baino askosaz bereizmen onagoagaz ikus daitezke. Eta hau guztia, halabeharrez sortu da, teknologia beste gauza baterako aplikatzen ari ginela.
NEXT esperimentuak, gainera, Europako bi beka ere lortu ditu. Finantzaketa hori guztia lortzeak zer suposatu du?
Senior ikertzaileei ematen zaien Advanced Grant eta ikertzaile gazteei ematen zaien Starting Grant bekak eskuratu ditugu. Laguntza ekonomiko garrantzitsu horiei esker, ikerketagaz jarraitzeko baliabide gehiago ditugu.Beka horiek, gainera, guk egiten dugun lanari aitortza egiten diote.
Zer eratara?
Hasieran, egia esan, proiektua bideragarria zela sinestaraztea kostatu zitzaigun. 2014 Advanced Grant bekari esker, Espainian askok kontuan hartu gintuzten. Orain, zorionez, ikuspuntua aldatu egin dute, eta NEXT Canfranc-eko laborategiko eta Espainiako zientzia proiekturik garrantzitsuena kontsideratuta dago. NEXT proiektuak, gainera, azken urte eta erdian jauzi garrantzitsua eman du.
Zer nolako jauzia?
Zuzentzen dudan ikerlari taldearen zati handi bat eta ni Euskal Herrira etorri gara, Ikerbasqueren Donostia International Physics Centerrera. Donostian proiektua aurrera eramaten lagundu diguten kolaboratzaile bikainak aurkitu ditugu, eta horri esker, fisika eta kimika uztartzen dituen beste ikerketa lerro bat zabaldu dugu. Neutrinoa antzemateko sistema berriak ari gara garatzen, eta ikerketan, besteren artean, Fernando P. Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa ari da parte hartzen.
Neutrinoen portaera aztertzen daramatzazun urteetan gauzak asko aldatu al dira?
Bai, horixe! 10 urte daramatzat NEXT esperimentuagaz lanean, baina 1995tik beste hainbat esperimentu egin ditut Suitzan, Japonian eta AEBetan. Eta, egia esan, neutrinoen azterketan hainbat ezusteko izan ditugu. Aurretik susmoa bagenuen ere, ezagutzen ez genituen propietateak ezagutu ditugu, eta egindako aurkikuntzei esker hobeto ulertzen dugu neutrinoen portaera. Aurkikuntza horien artean garrantzitsuena neutrinoek masa dutela frogatu ahal izan dugu. Oso masa txikia dute, baina badute. Are gehiago, neutrinoak unibertsoaren sorreran egon zirenetako partikularik-eta garrantzitsuena izan zitezkeela uste dugu.