Ekintzaz betetako eguna dakar Ondarroako Arnasa Egunak
Arnasa Eguna elkartasun jaia egingo dute bosgarrenez urtez jarraian zapatuan [uztailak 5], fibrosi kistikoa duten pertsonen eta familien alde. Arnasa elkartekoek, gainera, film emanaldi bat ere antolatu dute barikurako.
Antolatzaileek ekintzaz beteriko egitarau zabala prestatu dute zapaturako [uztailak 6]. Jaia Andrabandaren eta Artelango erraldoi eta buruhandien kalejira koroletsuagaz hasiko dute 11:30ean. Zubi Barritik hasiko dira, eta kalejira Alamedara ailegatzen denean emango diote jaiari hasiera. Bazkal ordura arte, Alameda izango da jaigunearen bihotza. Hasteko, Garazi Etxaburuk dantzan egingo du txalapartak lagunduta, eta ostean, hainbat talderen artean prestatutako pregoia botako dute, hainbat ezusteko eta guzti. “Pregoia partekatzea pentsatu dugu aurten. Andrabandakoek pregoiaren zati bat irakurriko dute, eta gainontzekoa, denon artean irakurriko dugu”.
Pregoiaren mezuak, besteak beste, fibrosi kistikoa bistaratu eta gizartearen sentsibilizazioa lortzeko helburua izango du. Mezuan, bereziki, fibrosi kistikoa dutenen eta horien familien inklusibitatea azpimarratu nahi dutela aurreratu dute. “Gaixotasuna dela eta, fibrosi kistikoa dutenek eta euren ingurukoek hainbat arazo izaten dituzte lanean. Fibrosi kistikoa dutenek, nahitaez, tratamendu mediku zorrotz bat bete behar dute, eta horretarako denbora bat behar izaten dute, baina enpresa askotan ez diete beharrezko denbora hori ematen. Eta, azkenean, lana ez galtzeko, enpresan ez dute esaten egunean tratamendua egiteko behar duten denbora, eta hortik arazoak sortu ohi dira; ospitaleratze oso larriak, esaterako. Zaintzaileen kasuan ere lanean arazoak egon ohi dira, eta aurtengo jaiagaz arazo hori ikustarazi nahi dugu”.
Pregoia irakurri ondoren, hainbat ekintza egingo dituzte. Aurpegiak margozteko gunea ipiniko dute, eta KTP kolektibokoak (Asisko Urmeneta komigilea eta beste hainbat marrazkilari eta ilustratzaile) ere karikaturak egiten ibiliko dira. “Urmenetak, iaz estreinako parte hartu zuen jaian, eta aurten esperientzia errepikatuko du”. Beti-betiko hainbat jolas ere egingo dituzte. “Inklusibitatea lantzeko hainbat jolas egitea erabaki dugu. Besteak beste, aulki jokoa egingo dugu, baina beste era batera”.
Ohi modura, txosna ere ipiniko dute, sardina erre eta guzti. Informazio gunea ere egongo da, eta bertan Arnasako materiala saltzen edukiko dute. Eguerdiko ekimenak amaitzeko zozketa egingo dute. “Aurten ere nahikoa sari ditugu banatzeko. Opari ederrak daude: bazkari bat, Kukai dantza taldea ikusteko sarrerak, Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuetarako sarrerak, Bilkoko jaietako pilota jaialdiko finalerako sarrerak, Guggenheim museorako sarrerak…”.
Jaiak arratsaldean jarraituko du, azken urteotan klasikoa bihurtu den entzierro mekanikoa egingo dute. Herritarrek zezen mekanikoaren aurrean aringa-aringa egiteko aukera izango dute. “Ekimena asko gustatu zitzaigun, eta jaia ere San Fermin bezperan egingo denez, entzierroa errepikatzea erabaki dugu aurten ere”. Iparkaletik jaitsiko da zezena, eta handik Alamedara jaitsi ostean, Alde Zaharrera arte egingo dute entzierroa.
Alde Zaharrera iritsita, Plaza Irrintzika ikuskizuna egongo da haurrentzako. Euskarazko abestiak ardatz hartuta, dantzaren, musikaren eta kantuaren bidez gorputza eta ahotsa piztuko dituzte bertaratukoek. Saioari bukaera eder bat emateko irrintzia botatzen ikasi eta irrintzika bukatuko dute denek. Eguneko proposamenak Musika Plazan egingo diren kontzertuekin amaituko dituzte. Azalera taldea igoko da lehendabizi oholtza gainera, eta amaitzeko, Gatz talde ondarrutarrak estudioan grabatutako bigarren lana aurkeztuko du.
Gogorarazi dutenez, bateko zein besteko ekintzetan batuko den dirua fibrosi kistikoa daukaten umeen familiei laguntzeko izango da. Arnas fisioterapia fibrosi kistikoa dutenentzat bizi kalitate on bat mantentzeko ezinbestekoa dela nabarmendu dute Arnasakoek. Gaineratu dutenez, fisioterapia publikoa lortu barik jarraitzen dute, eta jaian lortutako diru zati handi bat hortara bideratuko dute.
Arnasa elkartekoek, gainera, film emanaldi bat ere antolatu dute barikurako [uztailak 5]. 22:00etan, fibrosi kistikoagaz bizitzeak dituen oztopoak azaltzen dituen Zugandik bi metrora filma proiektatuko dute frontoian, doan.