Saskibaloi eta boleibol kantxak ipini dituzte Mutrikuko hondartzan
Boleibolean jolasteko gunea hondartzaren goiko aldean ipini dute, eta saskibaloian aritzekoa, berriz, hondartza ondoko pasealekuan. Zerbitzua doakoa da, eta egunero egongo da zabalik, 10:00etatik 21:00etara.
Mutrikuko Udalaren ekimenez estreinako ipini dituzte instalazioak. Zerbitzua doakoa da, eta egunero egongo da zabalik, 10:00etatik 21:00etara, irailaren 15era arte. Udal iturriek azpimarratu dutenez, aurreko barikuan [ekainak 28] zabaldutako kirol instalazio berriek sekulako arrakasta dute. “Oso harrera ona eduki du. Gazteek edozein tarte boleibolean edo saskibaloian jolasteko aprobetxatzen dute”.
Gogorarazi dutenez, boleibol eta saskibaloi eremuak erabiltzeko erreserba egin beharko da aldez aurretik. Talde bakoitzak, gehienez, ordubeteko tartea erreserbatu ahal izango du. “Kantinan liburuxka bat utzi dugu, eta jendeak egun berean erabili nahi duen orduaren erreserba egin dezake izen-abizenak jarrita. Hori bai, atzetik beste erreserbarik ez baldin badago, jolasten daudenek luzatzeko aukera edukiko dute”.
Udalak hainbat kirol material utzi du nahi duen guztiaren eskura Hondarraitz kantinan. “Saskibaloiko, futboleko, eskubaloiko eta boleiboleko baloiak daude eskuragarri, baina erreserba ordua amaitzen denean bueltatu egin beharko dira. Erabiltzailearen ardura izango da beti materiala zaindu eta zegoen modura bueltatzea”.
Boleibolean jolasteko gunea hondartzaren goiko aldean ipini dute. Bi zutoin daude ipinita hondartzan, eta erabiltzaileek ipini eta kendu beharko dute sarea. “Erreserba egiten duen lehen taldeak ipini beharko du sarea, eta, azken taldea, berriz, sarea jasotzeaz arduratu beharko da. Nahi duenarentzat, gainera, jolas eremua markatzeko zintak ere ipini ditugu eskuragarri”. Saskibaloian aritzeko gunea berriz, hondartza ondoko pasealekuan ipini dute. Udal teknikariak aurreratu duenez, saskibaloian aritzeko saskia urte osoan egongo da erabilgarri. “Betiko geratuko da hortxe”.