21. Atletismo Eguna ospatuko dute Markina-Xemeinen
17:00etan hasiko dira Zelaian 60 metro eta 80 metroko abiadura probak. 18:30ean lehiatuko dute kros txikia, eta 19:00etan emango diote irteera herri krosari.
Txikienetik nagusira, adin guztietako kirolariek parte hartu ahalko dute zapatuan [uztailak 6], Markina-Xemeinen ospatuko den 21. Atletismo Egunean. Urtero modura, ume eta gaztetxoen abiadura probekin hasi eta Herri Krosagaz amaituko da Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak eta Bekobenta Eskolak antolatutako kirol ekitaldia.
17:00etan hasiko dira Zelaian 60 metro eta 80 metroko abiadura probak. Ondoren, Zelaiaren bueltan egingo dute aringa-aringa benjamin eta alebin mailetako atletek; 300 metroko eta 600 metroko lasterketak egingo dituzte hurrenez hurren. Eta amaitzeko, errelebo lasterketetan parte hartuko dute alebin eta txikien mailetako kirolariek.
Abiadura probekin amaituta krosak hartuko du txanda. Bi kilometrotako kros txikia egingo dute lehenengo txikiek eta kadeteek, 18:30ean hasita.Zelaitik irten eta San Agustin Kaletik Arretxinagaraino joan beharko dira korrikalariak Xemeindik igarota. Arretxinagan erreka ondoko bide gorria hartu beharko dute berriro Xemeinera itzultzeko, eta Uhagon aurretik beherantz Zelaira heldu eta horri buelta eman beharko diote helmugara heltzeko.
19:00etan hasiko da berriz, 16 urtetik gorakoentzako Herri Krosa. Guztira, 7,8 kilometro edukiko ditu ibilbideak. Zelaitik irten eta San Agustin kalean zehar Xemeinerantz abiatuko dira korrikalariak. Arretxinaga eta Barroetatik igarota Bolurantz hartuko dute bide gorritik Atxondo kiroldegiraino jarraitzeko. Kiroldegiari buelta eman eta Ibaibarreneta aurretik Frai Bartolomerantz abiatu eta Goiko Portalera sartuko dira, Zelaira ailegatzeko. Ibilbide hori bi bider egin beharko dute Zelaiko helmugan sartu orduko.
Korrikalariek herri krosa egin bitartean, pisu jaurtiketa erakustaldia ere egongo da Zelaiko berdegunean.
Atletismo Egunean parte hartu nahi dutenek, norbere proba baino ordu erdi lehenagora arte edukiko dute izena emateko aukera. Txikien sariak herri krosak aurretik banatuko dira eta nagusienak, ondoren. Aurten, herri kroseko sari modura, bertoko produktuekin betetako otzarak emango dituztela aurreratu dute antolatzaileek.