Batzorde buruak eta alkate eta alkateordearen dedikazioa eta liberazioak onartu ditu Lekeitioko Udalak
Lekeitioko biztanleria kontuan izanda, Lekeitioko alkateak 64.079,96 euroko soldata gordina izango du urtean, eta alkateordeak 56.300,58 euroko soldata gordina.
Tokiko Gobernu Batzarreko kideak, Udal Batzordeak, batzorde buruak eta alkate eta alkateordearen dedikazioa eta liberazioak onartu ditu Lekeitioko Udalak martitzenean [uztailak 2] egin zuten agintaldi berriko lehen osoko bilkuran.
Orain arteko informazio batzorde batzuk batu egin dituzte, 16tik 9ra igaroz. Batzordeak hurrengoak izango dira:
- Hirigintza, Obrak eta Iraunkortasuna, Koldo Goitia Markuerkiaga
- Ogasuna, Kontuak eta Finantzak, Eneko Atxa Castro
- Herritarrekin Harremanak, Udal Barne Antolamendua eta Giza Baliabideak, Amaia Antxustegi Ziarda
- Emakumea eta Berdintasuna, Amaia Antxustegi Ziarda
- Gizarte Politikak, Amaia Antxustegi Ziarda
- Kirola, Josu Itza Onaindia
- Hezkuntza eta Euskara, Ainize Alzibar Salegi
- Kultura eta Lekeitio 700, Mertxe Arrizubieta Basterretxea
- Ekonomia eta Lurralde Garapena, Koldo Goitia Markuerkiaga
Jakinarazi zutenez, batzordeak irailetik aurrera hasiko dira martxan, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte.
Lekeitioko Udalak ordezkaritza duen erakunde eta sozietateetan izango dituen ordezkariak izendatu eta alkate eta alkateordearen liberazioak eta dedikazioak onartu zituzten. Alkatea eta alkateordea egongo dira udaletxean lanaldi osoan. “Horien liberazioak zehazterakoan kontuan hartu dira Bizkaiko Foru Aldundiko 5/2013 Foru Araua eta alderdi guztiek adostutako Eudeleko dokumentua bai eta lkate ordearen ordainsarirako bere ohiko lanean jasotzen zuen soldata”, azaldu dute.
5/2013 Foru Arauaren arabera, Lekeitioko biztanleria kontuan izanda, Lekeitioko alkateak 64.079,96 euroko soldata gordina izango du urtean, eta alkateordeak 56.300,58 euroko soldata gordina.
Bestalde, zinegotzien dietak ere gaurkotu dituzte, “2012tik ez baitzen gaurkotzen”. Guztira batzorde buruek 71,60 euro hartuko dituzte saio bakoitzeko eta gainontzeko zinegotziek 59,66 euro saioko.
Lekeitioko Udalaren ohiko Osoko Bilkura, bi hilerik behin egitea ere erabaki zen, hileko lehen eguenetan, 19:00etan.
Bestalde, Lekeitioko EH Bilduko kideek alkatearen soldata igotzearen aurkako botoa eman zutela esan dute sare sozialen bidez. “Lekeitioko alkateak %34 igo du bere soldata, gure aurkako bozkekin. 47.743 euro kobratzetik 64.079,96 euro kobratzera pasatuko da. Bizkaian aldaketa gobernuak soldatak jeisten ari diren bitartean, EAJk berean jarraitzen du, herritarron dirua erabiltzen beraien interesetarako”.