‘Deabruak Gara Soms Diables’ mugimenduzko su jai erraldoia, Kalekan
Euskal Herrian inoiz egon den su jaiarik handiena eskainiko du Lekittoko Deabruak taldeak. Uztailaren 20an izango da hitzordua.
Lekeitioko kaleak infernu bihurtuko dira uztailaren 20an. Kalekaren 30. urteurrena behar bezala ospatzeko, orain arte Euskal Herrian egin den correfoc-ik handiena eskainiko dute Lekittoko Deabruek, eta taldea sortu zutenetik igaro diren zazpi urteetan lagun egin dituzten diables batzuk gonbidatu dituzte ospakizun erraldoira: Diables de Riudoms (Riudoms), Diables de Manresa (Manresa), Diables Mussols de Sokarrats (Palma d´Ebre) eta Diables El Jordiet de Garcia (Garcia). Bost deabru taldeek Aulestiko K-Tum-K batukada ere izango dute ondoan, ikuskizuna danbor doinuekin laguntzeko.
Ez da betiko ikuskizuna izango. Deabruen oinarria edukiko du, baina gorengo neurrira eramanda. Graduak gorantz egingo dute, indartsuagoagoa izango da kantitatez, kalitatez bai eta piroteknia aldetik ere.
30 urte hauetan Lekeition sortu den su tradizioari lotutako istori bat kontatuko du hasteko Lucifer handi batek, infernuko sermoia, su jaiari hasiera emanez. Plazan hasi eta alde zaharreko kaleetatik abiatuko dira ondoren, deabruak su eta ke artean San Pedroperaino, eta handik portura jaitsi eta portutik plazarainoko bidea egingo dute su jai ikaragarri bategaz.
Lekeitioko kale antzerki jaialdiak 30 urtez suspertutako suaren jaiaren zaletasunaren emaitza izango da uztailaren 20ko correfoc erraldoia. Lekeitiar askok eta askok umetatik ezagutu dute su ikuskizuna herrian. Valentzia, Katalunia edo Frantziatik etorri dira taldeak, eta suaren kultura hori piztu dute herrian pixkanaka-pixkanaka Lekeition deabruen talde bat sortu arte.
Zazpi urteko ibilbidea dauka Lekittoko Deabruak antzerki taldeak. Katalanen ildoari jarraituz hasi zuten bidea, eta gero, ikuskizun propioak egin dituzte: Mingorri (2012) Foc Ta Ke (2015), Akelarre Foc (2016) eta Anabasa (2018). Kale antzerkian egin zuten aurkezpena, eta urte hauetan izandako esperientziez eta lortutako sendotasunaz baliatuz bete nahi dute erronka berria.
Zazpi urte hauetan bidelagun ugari egin ditu taldeak. La Palma d’Ebreko Mussols taldeagaz Foc Ta Ke egin zuten 27. Kale Antzerki Jaialdian, eta elkarlan horri jarraibidea emanez, bertara joan eta Garciako diablesak ezagutu zituzten. Ribera d’Ebren egiten den correfoc handienean ere parte hartu zuten lekeitiarrek, hamar diables taldegaz egiten den emanaldi ikaragarrian. Lekeitioko jaialdian egondako Diables de Manresa taldeagaz ere bat egin zuten bertan.
Dena dominoko piezen modura joan zaie, gertaera bat bestearen atzetik elkartzen. 2016an egin zuten lehenengo irtera Kataluniara, eta 2017an proposamenez gainezka zegoen taldea berriro itzultzeko. Horrela, Diables d’Ridomsen 25. urteurren jaira joan ziren, eta hantxe bertan Olivia Cros ezagutu zuten, vestits de l’infern edo deabruen arropak egiten dituen diseinatzailea. Harreman horren ondorioa aurtengo Kalekan ikusiko da, itxuraldatuta datoz-eta Lekittoko Deabruak. Sustraiak mantendu badituzte ere, ikuskizun berrirako eraberrituta datoz, jantzi berriekin.
Orain arte Euskal Herrian egin duten su jai handiena Bilbokoa izan da. Joan den urtean, Bilboko konparsen bitartez, Bilboko Aste Nagusirako correfoc handi bat prestatu zuten, eta ezagutzen dituzten talde batzuk gonbidatu zituzten parte hartzera. Arenalean eta Boulebard ondoan zabaldu zuten su festa Riudoms eta Molins de Rei taldeekin batera.
Aurten, berriz, Kalekaren 30. urteurrena zela jakinda, proposamen indartsu bat aurkeztea erabaki zuten, eta zazpi urte hauetan hurre izan dituzten, eta gutxi gorabehera Lekeitiogaz kontaktua eduki duten taldeak gonbidatu dituzte orain arteko su jai bortitzena sortzera.
Zerumuga ere igarotzeko asmoa daukate, eta segurtasun neurriak ere, beraz, handiagoak izan beharko dira. Bereziki eta maiuskulaz azpimarratu dute segurtasunaren garrantzia. Praka motz eta txankletak barik, jantzi egokiak behar direla gogorarazi dute: praka luzeak, bakeroak badira hobe, txapela edo zapia eta segurtasun betaurrekoak izanez gero, horiek ere bai.
Babesa. Lekittoko Deabruek herrian hasieratik eduki duten babes handia agertarazi nahi izan dute. 2018ko urrian hasi ziren proposamen berria sendotzen, eta herriko talde, kolektibo eta norbanakoen erantzun ona eduki dute, deabruei laguntzeko dena emateko prest egon dira herritarrak.
Estimu handi hori elkarrenganakoa da. Deabruentzat ere plaza kuttuna da Lekeitiokoa. Lekeitiarrek maite dute sua, eta beldurra ere gaindituta daukate. Beraz, ikuskizunean sartzen dira erabat, suaren barruan dantza eta salto egitera animatuz. Uztailaren 20an ere suarekiko hartu-eman hori bizi ahalko dute lekeitiarrek eta eurekin batera su festagaz gozatu nahi duten guztiek goi goitik.