Zazpi bikotek egingo dute dantzan Markina-Xemeingo San Martin jaietan
Urtero modura dantza solte txapelketa antolatu du auzoko jai batzordeak. Paella txapelketak eta arratsaldeko jolasek borobilduko dute egun osoko egitaraua.
Beste urte batez, giro ona izango da nagusi domekan [uztailak 7], Markina-Xemeingo San Martin auzoan. Urteroko ekintzak oinarri hartuta, egun osoko jaia antolatu du auzoko jai batzordeak.
Domekarako prest dauzkate dantza solte txapelketako zapia eta txapela. Aurten ere Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzariak hartuko ditu San Martingo nagusien kategoriako txapelketak. Jai Batzordeak zortzi bikotetan jarria dauka muga, eta jadanik zazpi bikotek eman dute izena, gehienak gipuzkoarrak. Hauek dira bikoteak:
- Irati Olaizola eta Idoia Narbaiza (Legazpi)
- Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)
- German Aranburu eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)
- Gorka Granado eta Maren Galvez (Sopela-Lezo)
- Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia)
- Eki Aizpuru eta Jone Arriaran (Azpeitia)
- Iker Urrestilla eta Leire Urrestilla (Zestoa)
Hiru sari. Ohi denez, bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatuko du, eta azken urteetan bezala, epaimahaia dantza solte federazioak ekartzen duela jakinarazi dute jai batzordekoek.
Hiru sari egongo dira: lehenengo bikotearentzat, 300 euro, txapela eta zapia; bigarrenarentzat 260 euro eta hirugarrenarentzat 230 euro. Saririk jasotzen ez duten bikoteek berriz, 110 euroko dieta jasoko dutela zehaztu dute antolatzaileek.
Dantza ikuskizun dotoreagaz gainera, San Martingo paraje ederrean ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako. Urtero modura, 14:00ak arte edukiko dute goizean ermitaren bueltan sukaldean jarduten duten kuadrillek euren paellak aurkezteko aukera.
Bazkalostea, berriz, jolaserako ordua izango da. Umeek jolasekin eta Herribixiren ikuskizunagaz gozatzen duten bitartean, mus eta briskan aritu ahalko dira nagusiagoak.
EGITARAUA
- 11:30. Herri meza.
- Ostean. Musika eta aurreskua.
- 13:00. Nagusien dantza solte txapelketa.
- 14:00. 32. Paella Txapelketa. Sariak: Barrenetxek emandako barazki sortak.
- 16:30. Umeen jolasak eta ondoren, Herribixiren emanaldia.
- 16:30. Joxe Barenda 35. Mus Txapelketa.
- 17:00. Joxe Barenda 32. Briska Txapelketa. Bikote bakoitzak 12 euro ordaindu behar ditu. Sariak: lehenengoa 150 euro eta txapelak, bigarrena 100 euro, hirugarrena 80 euro eta laugarrena 50 euro.
- 19:00. Zozketa eta Txokolatada.