Lagundutako bainu zerbitzua martxan da Lekeition eta Ondarroan
Hondartza Denontzat mugikortasun arazoak dituztenen pertsonei laguntzeko zerbitzua da. Abuztuaren amaierara arte, erabiltzaileei begirale talde batek tresna bereziekin lagunduko diete hondartzetan eta uretan ibiltzen.
Bidaideak irabazi asmorik gabeko erakundeak kudeatutako Hondartza Denontzat programa martxan da berriz. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK Fundazioaren finantzazioagaz, Bizkaiko kostaldean “estrategikoki banatutako” sei hondartzatan egongo da zerbitzua martxan uztailean eta abuztuan, 11:00etatik 19:00etara: Plentzian, Getxoko Ereagan, Lekeitioko Isuntzan, Gorlizko Astondon, Ondarroako Arrigorrin eta Mundakako Laidatxun. Zerbitzua
Zerbitzuaren aurkezpena gaur egin dute, Mundakako Laidatxun. Han izan Txema Alonso Bidaideakeko koordinatzailea, Unai Gangoiti aldundiko ingurumen foru zuzendaria eta Ixone Zubieta BBKko Gizartaratze arloko arduraduna.
Erabiltzaileei laguntzeko, begiraleek formakuntza konkretua jaso dute. “Guztira 21 begirale daude. Begiraleek hainbat laguntza tekniko eskainiko dizkiete mugikortasun arazoak dituzten herritarrei”.
Gangoitik azaldu duenez, Hondartza Denontzat programaren helburua jende guztiak hondartzara joateko aukera edukitzea da. “Euren kabuz hondartzara joan ezin diren pertsonen kasuetan eskainiko dute laguntza”.
15 urteko ibilbidea. Programak 15 urte betetzen ditu aurten, eta ibilbide luze horretan “oso ondo baloratutako zerbitzua” dela azaldu du ingurumeneko foru zuzendariak. “Aisialdi inklusiboko baliabide batez hornituko ditugu hondartzak, mugikortasun arazoak dituztenei Bizkaiko hondartzetara joatea eragozten dieten oztopoak gainditzeko”.
Alonsoren berbetan, programagaz “desgaitasunak dituzten herritarrek laguntza gune bat aurki dezakete hondartzetaz eta bainuetaz gozatu ahal izateko”. Erakundeen laguntza zerbitzua bizirik mantentzeko “ezinbestekoa” dela aldarrikatu du.
Erabiltzaileak hondartzetara eramateko garraio egokituaren zerbitzu berezia kudeatzen du Bidaideakek. Azken urteetan 5.300 pertsona baino gehiagok erabili dute zerbitzua
Hainbat tresna eta zerbitzu. Erabiltzaileei laguntzeko uretako gurpilak dituzten 30 aulki erabiliko dituzte; bederatzi mendekotasun arineko indizeak dituztenentzat, hamabost mendekotasun ertaineko jenderantzat eta zazpi mendekotasun handiko pertsonentzat.
Harean ibiltzeko 70 makulu pare berezi dituzte, baita lau garabi hidrauliko ere, “begiraleek mugitzeko arazo larriak dituzten erabiltzaileak errazago mugitu ahal izateko”. Tresneria horrekin batera, erabiltzaileen premiak asetzeko beharrezko azpiegitura ere ipini dute hondartzetako laguntza guneetan: zurezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, komun egokituak eta aldaketak daude, besteak beste.
Erabiltzaileak hondartzetara eramateko garraio egokituaren zerbitzu berezia kudeatzen du Bidaideakek. Alonsok azaldu duenez, urteetan zerbitzua hazi egin da. 2004an proba pilotua zen eta bi hondartzatan zegoen. Dagoeneko 5.300 pertsona baino gehiago dira azken urteetan zerbitzua erabili dutenak.