Nikolas Arteitak Mendieta ontziola bizirik mantentzeko aldarrikatu du Lekeition
Atabaka kultur elkarteak antolatutako Lekeitio Elkanoren Mundubiran jardunaldietako kale antzerkia egin dute gaur [uztailak 5]. Aitor Abaroak antzeztu du Nikolas Arteitaren pertsonaia, eta 500 urte atzera gertatutakoa errapasatu du.
12:00ak puntuan agertu da Nikolas Arteita (Aitor Abaroa) Lekeitioko Independentzia plazan. Arteita, merkataria eta Carlos I erregearen hornitzaile nagusia izateaz gain, Magallanesen espedizioa antolatu zuena izan zen. Plazan agertu eta herria ondo behatu ostean, Mendieta ontziolaraino joan da, kalejiran, Urtzi Iriondo txistulariak eta herritarrek lagunduta. Mendieta ontziolaren aurrera heldu ostean, Juan Sebastian Elkanoren lehen mundu biran Lekeitiok eta lekeitiarrek eduki zuten zerikusia errepasatu du.
Gaur egun Cadizen (Espainia) dago hobiratuta Arteita. Eta kontakizuna handik hasi du. Esnatu eta Lekeitiorainoko bidea egin bitartean 500 urte atzerago gertatutakoa errepasatu du han bildutakoen aurrean. Marina Arriaga eta Iñigo Arteita bere gurasoak ere aitatu ditu, bai eta Nikolas Ibañez Arteita bere aitona zena ere. Santa Katalina Sienakoa nao lekeitiarra, Magallanesen eskuetan Trinidad izatera pasatu zena eta Magallanesen mundu biran nao nagusia izan zenaren gorabeherak ere kontatu ditu. Naoa 720 urrezko dukado ordainduta konfiskatu zutela esan du.
Trinidad hondoratuta, Ondarroako Victoria naoa jarri zen espedizioaren lehen lerroan. Victoria 800 urrezko dukadogatik konfiskatu zuten. Domingo Barruti marinel lekeitiarra ere gogoan eduki du. Barruti 1519. urtean Sevillan (Espainia) agertu zela esan du. “23 urtegaz espedizioan parte hartzeko izena eman zuen. Hiru urte beranduago, Borneon lehorreratu zen. Erasotu egin zuten, eta espedizioko ontziek ihes egin zuten”.
500 urte atzera egindako espedizioak mundua borobila zela frogatu zuela azpimarratu du. “Euskaldunok horren parte izan ginen, eta orduan hasi zen globaliazioa. Euskaldunok, beraz, bideak ireki ditugu”. Hizketaldia historia gordetzeko aldarrikapenagaz amaitu du Arteitak. “Mendieta ontziola bizirik mantendu!”.
Abaroak antzezpenean irakurritako testua Atabaka kultur elkarteak egin duela esan du elkarteko kide batek. “Testuari, baina, Miren Agur Meabek eman dio ikutu lekeitiarra. Eta Aitor Iturbe Pistolas historialariak zuzenketak egin ditu. Mila esker guztioi!”.