Gu Geu kuadrillaren paella izan da onena Amorotoko Herritarren Egunean
Amorotarrak San Martin jaiak ospatzen ari dira egunontan. Gaur [uztailak 6] Herritarren Eguna izan da. Guztira 11 paella aurkeztu dira lehiaketara.
Amoroto eta amorotarrak San Martin jaietan murgilduta daude egunotan. Gaur [uztailak 6], jaietako azkenaurreko eguna ospatu dute: Herritarren Eguna. Horretan paella lehiaketa eta paella jana izaten dira nagusi. Urtero modura, eEguerdirako janari usaina zen nagusi Amorotoko plazan eta inguruetan. Guztira 11 paella aurkeztu dira lehiaketara, eta horien artean, Gu Geu kuadrillarena izan da onena. Azken postuan geratu dena Gatzik Bakuk kuadrillarena izan da.
Nor bere txokoan batuta, paellak egiten ibili dira herritarrak. Eta nola ez, musika lagun, tarteka mokadutxoa eta tragoa ere hartu dituzte. Batzuk biharamuna bista-bistan zuten, baina ez dute herritarrak protagonista diren eguna galdu nahi izan.
14:30ean aurkeztu dituzte paellak, eta orduan epaimahaiaren txanda ailegatu da. Epaimahaia kuadrilla bakoitzeko kide batek osatu du. Guztira, beraz, 11 kide izan dira epaimahaia osatu dutenak.
Orokorrean giro ona izan da nagusi, eta bazkalostean ere jaiak aurrera jarraitu du.
Atzo [uztailak 5], desafioa eduki zuten: Amoro vs. Mendaro. Parte hartzaileak kotxe bateri tira eginez herrigunera ailegatu behar ziren. Garaileak amorotarrak izan ziren.