25 gaztetxok parte hartu dute Mutrikuko I. Umeentzako Triatloian
Talaixa Triatloi Klubeko ordezkariek kirol probari buruzko balorazio oso positiboa egin dute. Azaldu dutenez, parte hartzaileak oso pozik ikusi dituzte.
Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak antolatuta, Umeentzako triatloia egin dute estreinako asteburuan. Antolatzaileek igorritako datuen arabera, LH3tik 6ra bitarteko 25 gaztetxok parte hartu zuten proban. “Esperotakoa baino parte hartze txikiagoa izan zen, baina hala ere balorazio oso positiboa egiten dugu. Orain arte gaztetxoentzako duatloia antolatu izan dugu, eta aurten, estreinako, probari igeriketa gehitzea erabaki dugu. Parte hartzaileak oso pozik ikusi ditugu”.
Proba bi txandatan banatuta egin zuten. Lehendabizi LH3 eta 4koek osatu zuten euren neurrira prestatutako ibilbidea; 100 metro igeri egin zituzten igerileku zaharrean, 1.000 metro bizikletan hondartzatik dike berrirako tartean eta 125 metro lasterka egin zituzten hondartzatik kantina parera. LH5 eta 6koek, berriz, distantzia bikoitza osatu behar izan zuten. “Denok batera egin genuen proba, lehiakortasuna alde batera utzita”.