Lekeitioko alkatearen soldata igoera salatu du Lekeitioko EH Bilduk
Lekeitioko alkateak, 7.419 biztanle izanda, 201.311 biztanle dituen Iruñeako alkatearen soldata ia berbera izango duela kritikatu dute.
Alkatearen soldata 47.743 euro izatetik 64.079ra igotea gaitzetsi dio Lekeitioko EH Bilduk EAJri. Jakinarazi dutenez, agintaldi berriko lehen osoko bilkuran onartu zuten igoera EAJren aldeko 7 botoekin eta EH Bildukoen kontrako 6 botoekin.
“Jakin izan dogunez, Bermeoko alkateak, 17.000 biztanleko herriaren agintariak, aurreko alkatearen soldata berbera mantenduko du, 58.887 eurokoa hain zuzen; Iruñeako alkatearen soldata, 201.311 biztanle izanda, 67.833,58 eurora igoko dute, eta Lekeitioko alkateak, 7.419 biztanle izanda, Iruñeako alkatearen soldata ia berbera izango du”.
Azaldu dutenez, 2015 urtean alkateak bere lanean zeukan soldata mantentzea onartu zuten Lekeitioko Udaleko talde politiko biek, “bidezko neurria zela iritzita”. Eta, orain, udal gobernuak adostasun hori apurtu duela esan dute. “Erabaki honek Aldundiko 5/2013 Foru Araua eta EUDELeko dokumentua omen ditu oinarri EAJren arabera, baina horretan gehienezko muga ezartzen da eta ez da nahita ez irabazi beharreko kopurua”.
Herriaren kudeaketak hala eskatzen duelako udal ordezkari liberatuak egon behar direla uste du Lekittoko EH Bilduk, baina herriaren ordezkari izatea, ez dela “poltsikoak betetzeko aitzaki” izan behar azpimarratu dute.