Oriok irabazi du Mutrikuko III. Yurrita Group bandera
Harrobiko taldeak ez eze, Orioko nagusien traineruek ere ez dute hutsik egin asteburuan. Emakumezkoen eta gizonezkoen traineruak Coruñako banderan nagusi izan dira.
KAE2 ligako laugarren estropada puntuagarria jokatu zuten zapatuan [ekainak 6] Mutrikuko estropada eremuan, eta bertan Orio B trainerua izan zen azkarrena. III. Yurrita Gropu bandera irabazteko 20 minutu eta 39,56 segundo behar izan zituzten. Oriotarrak ohorezko txandan nagusi izan ziren, hasieratik. Aurkariei ez zieten aukerarik eman. Oriok lau segundo eskaseko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Castrori (20.43,32). Bermeo B hirugarren izan zen (20.55,61).
11 traineru ibili ziren bandera lortzeko lehian. Herriko traineruak 10. postuan amaitu zuen estropada. Hiru itsas miliako ibilbidea osatzeko 21 minutu eta 33,18 segundo behar izan zuten. Busturialdeak, berriz, 7. postuan amaitu zuen estropada (21.12,99).
Sailkapen nagusiari dagokionez, Orio Bk lidertzari eusten dio, 41 punturekin. Castro bigarrena da 35 punturekin eta Urdaibai hirugarrena, 34 punturekin. Mutriku 9. postuan dago, 10 punturekin, Portu-Deusto taldearekin puntutan berdinduta.
Eusko Label eta Euskotren ligetan, Orio nagusi. Harrobiko taldeak ez eze, Orioko nagusien traineruek ere ez dute hutsik egin asteburuan. Emakumezkoen eta gizonezkoen traineruak Coruñako banderan nagusi izan dira. Emakumeen kasuan, Coruñako banderaren bi jardunaldietan nagusi izan dira. Bigarren garaipena lortu dute Euskotren ligan, eta Donostiako Arraun Lagunak taldearekin zuten berdinketa apurtuta, ligako buruan dira 15 punturekin. Donostia Arraun Lagunak baino 2 puntu gehiago dituzte oriotarrek.
Gizonezkoak, berriz, lehen jardunaldian lortutako abantailari esker eskuratu dute Coruñako bandera preziatua. Bigarren estropadan azkarrena Hondarribia izan bazen ere, Oriok zapatuan [uztailak 6] lortutako aldeari esker irabazi du bandera. Sailkapen orokorrean Oriok lidertzari eusten dio 67 punturekin. Bigarren tokian da Hondarribia sei puntura, eta hirugarren da Santurtzi, hamar puntura. Urdaibai 6. postuan dago 45 punturekin, Ondarroa 8. postuan 30 punturekin eta Isuntza 10. postuan 15 punturekin.
Coruñako banderaren lehen jardunaldiari dagokioenez, Orio izan zen azkarrena, estropada hasieratik bukaerara menderatuta. 19 minutu 27,78 segundo behar izan zituzten estropada amaitzeko. Atzetik sailkatu ziren Santurtzi eta Hondarribia, hurrenez hurren. Urdaibaik, bestalde, aurtengo ligako emaitzarik onena lortu zuen. Laugarren amaitu zuen, eta ondorioz, ohorezko txandan egin zuten arraun domekan [uztailak 7]. Ondarroak 8. postuan amaitu zuen eta Isuntzak 12. postuan.
Bigarren jardunaldian, aldiz, Hondarribia izan zen azkarrena. Estropada 20 minutu eta 33,86 segundotan amaitu zuten. Oriok laugarren amaitu zuen estropada 8,46 segundora, baina aurreko egunean lortutako abantailari esker, bandera eskuratu zuten, 2,94 segundoko abantailarekin. Donostiarra izan zen bigarren, 4.02 segundora eta Zierbena hirugarren 7,12 segundora. Urdaibaik 6. postuan amaitu zuen estropada, Ondarroak 8. postuan eta Isuntzak 9. postuan.