Augustin Zubikarai XIX. Sariaren deialdia zabaldu dute
Nobela sortzeko bekara lanak aurkezteko interesa dutenek irailaren 30a arteko epea izango dute. Irabazleak, ohi modura, 6.000 euroko saria jasoko du eta eleberria argitaratuko du Elkar argiteletxeaz.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai XIX. Sariaren deialdia egin dute. «Euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko» asmoagaz egiten den nobela sortzeko bekara lanak aurkezteko interesa dutenek mrey@ondarroa.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte proiektuak, irailaren 30a aurretik.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, deialdira eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke. Nahitaezkoa da jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Gaineratu dutenez, beka behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
Parte hartzaile bakoitzak lanak aurkezterakoan datu pertsonalak zehaztu beharko ditu: egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatuta. Eta landuko duten kontakizunaren azalpena (2.000-6.000 karaktere) bidali beharko dute posta elektronikoan atxikitako dokumentuetan, haren ezaugarriak zehaztuz: argumentua, egitura, luzera, estiloa… Idazlanaren lagina ere osatu beharko dute, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa; ez du zertan hasierako zatia izan behar.
Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proeiktu guztiak aztertu, eta haien arteko irabazlea izendatuko dute urriaren 31 baino lehen. “Aurkeztutako beharrek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman barik utz dezake epaimahaiak”.
Irabazleak, ohi modura, eleberria argitaratuko du Elkar argiteletxeagaz. Era berean, 6.000 euroko saria ere jasoko du. “Bekaren diru kopuruaren erdia irabazle izendatu ondoren ordainduko dio Ondarroako Udalak irabazleari, eta beste erdia, idazlana amaituta entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan jasoko du”. Gogorarazi dutenez, irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko.
Argibide gehiago jaso edo lehiaketari buruzko bestelako zalantzaren bat argitu nahi dutenek Ondarroako udal euskara zerbitzuagaz (94-683 36 68; mrey@ondarroa.eus) edo Elkar argitaletxeagaz (943-31 02 67; liburuak@elkar.eus) jarri daitezke harremanetan.