Berrikuntzekin datoz Munitibarko sankristobalak
Jai Batzordeak hartu du aurten jaiak antolatzeko ardura eta Oiz mendira elkarrekin igotzeko deialdia egin du. Horrez gain, Sabin bakarlariaren emanaldiaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek, aurrenekoz.
Oiz mendira igotzeko elkartuko dira, aurten ere, munitibartarrak domekan. Orain arte Txopitturri Guraso Elkarteak antolatu du egitaraua, baina Jai Batzordeak hartu du oraingoan ardura: “Guraso Elkartea Jai Batzordearen barruan ere dagoenez, erabaki dugu aurten jaien kudeaketa guk egitea zuzenean, nahiz eta elkartekoek beraien txosna izaten jarraituko duten, baita urteroko zozketa ere”.
San Kristobal egunaren osteko domekan izan ohi dute hitzordua munitibartarrek, eta aurten berrikuntzak izango dituzte. Azken ekitaldietan egitarau berdintsua prestatu dute Guraso Elkarteko kideek, eta “gero eta jende gutxiago” bertaratzen zenez, egitarau berritua prestatzea izan da Jai Batzordearen helburua: “Batzar bat egin dugu eta ideia berri asko irten dira bertatik. Hala ere, denak ezin izan ditugu aurten gauzatu, baina datozen urteetara begira lanean gaude”.
Egitarau berria. Bi berrikuntza nagusi sumatuko dituzte domekan Oiz mendira igotzeko asmoa dutenek. Batetik, igoera bera oinez egiteko deialdia egin dute, horretarako, Munitibarko plazan batuko dira herritarrak 10:00etan: “Normalean jendea kotxez hurbiltzen da, eta askok beraien jan-edana eramaten dute etxetik prestatuta. Gure asmoa denok batera Oiz oinez igotzea da, taldean eta jai giroan”. Bestalde, ohi bezala Esteibar eta Obieta erromeriak alaituko du eguna, baina beste musika emanaldi bat ere prestatu dute aurrenekoz: “Sabin bakarlariaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek bazkalostean”.
Jai Batzordeko kideek azaldu dutenez, aurten, gainera, ez da mezarik egongo domekan: “Elizak abade aldaketa egin du, eta egun horretan hainbat tokitan egon behar duenez, ezin izango du Oizera hurbildu”.