Udako zinema antolatu dute, lehenengoz, Ispasterren
Uztailaren 12an eta 19an [barikuak] izango dira emanaldiak, printzipioz, eta antolatzaileen helburu nagusia euskara sustatzea da.
Udan zinema emanaldiak prestatu dituzte, lehenengoz, Ispasterren. Barikuetan [uztailaren 12an eta 19an] film bana proiektatuko dute herriko eskolan, 20:30ean. Hala ere, ekimena abuztura arte luzatzeko asmoa dutela adierazi dute antolatzaileek.
Beste udalerri askotan egin bezala, uda sasoiko arratsaldeak girotzeko eta herria berpizteko, Rio (Carlos Saldanha, 2011) eta Nur eta herensugearen tenplua (Juan Bautista Berasategi, 2017) pelikulak emango dituzte Ispasterren. Zinema areto hurbilenak Lekeition edota Gernika-Lumon egonik, herrian zinemazaletasuna pizteko asmoz pentsatu dute jarduera. Proiektatuko dituzten bi filmak marrazki bizidunetakoak izango dira, eta bereziki haurrei bideratuta daude. 3-12 urte bitarteko umeak bertaratzea aurreikusten dute antolatzaileek, baina edonork izango du emanaldietara hurbiltzeko aukera.
Filmak euskaraz izango dira, eta hain zuzen ere, helburu nagusia hori da, euskara sustatzea: “Euskarazko telebista kate bakara daukagu, eta bertan baino ez dituzte filmak euskaraz ematen. Hala, ekimen honekin zinema euskaraz ere egiten dela aldarrikatu nahi dugu”. Horrez gain, oraindik guztiz erabakita ez badute ere, “ingelesezko film labur barregarri bat” proiektatzea pentsatu dute, azpitituluekin: “Arazoa da bertaratuko diren ume askok beharbada ez dutela irakurtzen jakingo, edota aspertu egingo direla. Horregatik, film laburra emango dugun, eta noiz, ez daukagu guztiz argi”.