Zabor bilketaren sistema berria martxan dago Lea Ibarran
Hondakinak batzeko 54 gune berezi zehaztu dituzte mankomunazgoan, eta bizilagunek etxean jasotako txartelarekin ireki ahal izango dituzte hondakin organikoen eta errefusaren edukiontzi berriak.
Astelehenetik dago martxan zabor bilketa sistema berria Lea Ibarra Udal Mankomunazgoan. Hondakinak biltzeko 54 gune berezi zehaztu dituzte mankonazgoan, hala, orain arte sakabanatuta egon diren zakarrontzi guztiak kendu egin dituzte, gune hauetan kontzentratuz: hondakin organikoena, errefusarena, paper eta kartoiarena, plastikoarena eta beirarena.
Munitibarren eta Aulestin 12, Gizaburuagan 5, Amoroton 11 eta Mendexan 14 gune jarri dituzte, eta bakoitzean hondakin organikoaren eta errefusaren edukiontzi berriak jarri dituzte. Txip bidezko sistemak ahalbidetzen du bi hauen erabilera egokia, izan ere, herritar bakoitzak etxean jasotako txartelarekin ireki ditzakete edukiontziak.
Erabiltzaileek, aurrerantzean, hondakin organikoak eta errefusarenak izendatutako gune zehatz batean bakarrik bota ahalko dituzte: “Organikoa egunero eta errefusa igande zein ostegunetan baino ez. Gainerakoak irekita egongo dira uneoro, denentzat”. Beharrizan berezirik izanez gero, edota gune aldaketa egin nahi duten herritarrek udaletxeetan egin beharko dute eskaera.
Zabor bilketa sistema berriaren helburua jendeak ahalik eta zabor gehien birziklatzea dela adierazi dute arduradunek: “Sortzen diren hondakinak dagokien moduan birziklatuz, kontaminazioari aurre egin nahi diogu. Hala, onura ekonomiko eta ekologikoak lortu nahi ditugu”. Europar batasunetik ezarri duten birziklatze tasara (%60) iristea da erronka, izan ere, gaur gaurkoz, mankomunazgoan ez da %30era heltzen.
Lehen egunetan “edukiontzi berriekin arazo jakin batzuk” izan badituzte ere, sistema berriak ondo funtzionatuko duela espero dute Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoko arduradunek.
Bizilagunek ere egokitze tarte bat beharko dutela ohartarazi dute, baina “denon artean” sistema berriari “aukera bat” eman beharko diotela azpimarratu dute. Horrez gain, sistemaren jarraipena egingo dutela esan dute, balorazioa egin eta ondo funtzionatzen ari den edo ez ezagutzeko.
Zabor bilketaren kanpaina. 2016an zaborraren karakterizazioa egiteari ekin zioten mankomunazgoan. Errefusaren edukiontzia zabaldu eta “bertan zeuden hondakinen konposizioa aztertu” zuten. Karakterizazio lanetik bi ondorio atera zituzten: errefusara botatzen den zaborraren ia erdia organikoa zen, batetik, eta plastikoak eta papera ez zituzten herritarrek ondo birziklatzen.
Hala, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak Spora Ingurumen Zerbitzuak enpresaren zerbitzuak kontratatu zituen zabor biltze sistema berria bultzatzeko asmoz. 325 mila euroko inbertsioa egin eta, besteak beste, edukiontzi zein kamioi berriak erosi dituzte ordutik. Kamioi berriak bi konpartimendu ditu eta hondakin ezberdinak batu ditzake bidaia berean, organikoa eta errefusa.