Aurten beteko dira 225 urte frantsesek Ondarroari su eman ziotenetik
1794ko abuztuaren 28tik 30era, Konbentzioaren Gerraren barruan, frantsesek Ondarroari su eman zioten, eta hilketak eta kartzeleratzeak ere egon ziren.
Herria sugarretan, hainbat lagun preso eta beste hainbat hilda. Horietxek, Konbentzioaren Gerran frantsesek Ondarroan egindako txikizioaren ondorio ezagunenak.
1794ko martxoaren 7an lehertu zen Konbentzioaren Gerra. Apirilaren 28an, Gernikan batuta zeuden Bizkai osoko herrietako ordezkariek gerrara 500 gizon bidaltzea erabaki zuten. Ondarroak 43 gizon eskaini zituen Bizkaiko gudarosterako; eta 16 urtetik gorako gizonezko guztiek lau errialeko ekarpena egin behar zutela erabaki zuen, gerra gastuetarako.
Abuztuaren lehen egunetan frantses soldaduek Donostia menperatu ostean, abuztuaren 13an agindu zuten Ondarroan eta inguruetan bil zitezela albo herrietako herritar armatuak. Frantsesek, Ondarroara zuzenean jo beharrean, Olatzetik Gorozikarantz egin zuten.
Gorozikako hilketak. Frantsesak Santa Kutz eta Gorozikatik zehar zabaldu ziren Berriatua ingururaino, handik Asterrika aldera igo eta Ondarroa inguratuta lagatzeko asmotan. Abuztuaren 28a zen Ondarroara sartu zirenean. Gorozikan, jakina da bi lagun hil zituztela. Azkenik, Kalamendi gainetik frantses gudarien erasoari ordu luzez aurre egin zieten Ondarroa, Aulesti, Nabarniz, Bolibar eta beste hainbat herritatik batutakoek amore eman zuten. Egunaren amaierarako, sakabanatu egin ziren, batzuk Lekeitio aldera eta beste batzuk Aulestira. Borrokan, Bizkaiko tropan, sei hildako egon ziren, hiru zauritu eta lau preso.
1794ko abuztuaren 30ean, frantsesek su eman zioten herriari
Herria sutan. Ondarrutarrek hiru egun larri igaro zituzten; eta azkenean, frantsesek abuztuaren 30ean, su eman zioten herriari. Andra Mari elizak, Antiguako ermitak eta Likona, Apallu eta Goitinezko harrizko etxeek baino ez zioten eutsi suteari.
Ondarroa erre zuten egun berean edo beretsuetan, antzeko erasoak jasan zituzten Berriatua, Eibar eta Ermuko herriek ere. Hamar etxe erre zituzten Berriatuan; eta etxeak erretzeaz gain, hilketa basatiak ere izan ziren Eibarren eta Ermuan. Bizkaiko Aldundiaren agiri ofizialetan ere zabal azatzen dira gertaerak. Hona zati bat: “(…) que han cometido las mayores atrocidades hasta llegar al extremo de ir mutilando los miembros a un infeliz vecino de Gorocica (sic). (…) que además del saqueo y pillaje, han cometido tales violencias en el sexo más débil, que el pudor no permite referirlas (…)“.
Ondarroa utzi ostean, frantsesek hogeitik gora gizon eroan zituzten preso. Urte bi igaro ziren askoren berririk barik, eta azkenean ere jakin zen hamar erbestean hil zirela, giltzapean.
Erasoen arrazoiez. Bizkaiko mugetan gertatutako sarraskiak Bizkaiko Jaurerriari bidalitako abisua izan zela esaten dute batzuek; frantsesekin gerran sartuko balitz, Bizkaiko biztanleek nolako ondorioak jasango zituzketen ohartzeko.
Behin baino gehiagotan erre duten herria. Konbentzioko Gerraren aurretik, gutxienez beste bi bider erre da Ondarroa. XV. mendearen amaieran, bandoen arteko liskarren baitan. Historialariak ez dira ados jartzen 1462, 1472 edo 1473ean, ze urtetan erre zuten, baina bai jakina da ondarrutarrak inpostu batzuk ordaintzetik libratu zirela. Izan ere, sutean ia etxe guztiak erre edo kaltetu ziren. Handik urte batzuetara, 1746an, Ondarroan berriro sutea egon zen.