Jabi Gorbea: "Izendapena jasotzeko une egokia eta aproposa dela iruditu zaigu"
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartea jaien hasierako pregoia botatzeko aukeratu dute. Izendapena taldearen ibilbidea herriaren aurrean jai giroan goraipatzeko era dela diote.
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak edukiko du aurten Karmen jaietako pregoia botatzeko ardura. Hitzak Jabi Gorbea Ugarte (Etxebarria, 1975) elkarteko kidea elkarrizketatu du, pregoia udaletxeko balkoitik bota aurretik. Barikuan [uztailak 12], 18:15ean, Alarabi aurkeztu ondoren irakurriko dute pregoia, eta ostean botatako txupinagaz lehertuko dira festak Markina-Xemeinen.
Txirrindulari elkarteko kideok pregoia botatzeko ardura edukiko duzue. Zelan jaso duzue albistea?
Berriak ezustean harrapatu gaitu; pozik eta ilusioagaz jaso dugu izendapena. Bozka ematerako orduan gutaz akordatu direnei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Zuentzako zer esanahi du izendepen honek?
Herriko jaietan pregoia botatzeko pribilegioa edukitzea erakusleiho handia da 1977an sortutako gure moduko elkarte batentzat. Izendapena jasotzeko une egokia eta aproposa dela iruditu zaigu. Taldearen ibilbidea herri guztiaren aurrean eta jai giroan goraipatzeko era ederra dela iruditzen zaigu. Horrelako aukerak gutxitan suertatzen dira, eta gure kasuan ondo aprobetxatzeko asmoa daukagu, ospatzeko arrazoi asko ditugu eta.
Eta pentsatu duzue jada pregoian zer esan duzuen?
Jaietako programan pregoian esango dugunaren aurrerapen bat idatzi dugu. Ildo horretatik jarraituta izango da gaurko testua ere. Gure taldearen ibilbidearen errepaso bat egingo dugu, eta txirrindularitzan erakusten diren baloreak kontuan hartuta, jaiak ondo pasatzeko hainbat gomendio ere sortu ditugu, beti ere, berdintasunez eta errespetuz jokatzeko eskatuz. Ospakizun modura hartzen dugu guk, eta, bide batez, aldarrikapenak egiteko ere aprobetxatuko dugu.
Zeinek edukiko du pregoia irakurtzeko eta txupina botatzeko ardura?
Bertan gaudela erabakiko dugula uste dut. Mezua izango da garrantzitsuena, hori irakurtzeko ardura zein izango den aitortzea gutxiengoa da. Talde handi bat gara, eta itxura hori emango dugu.
Jaietako enbaxadoreak izango zarete. Bota gonbidapena.
Markina-Xemeingo karmenetara datorren edozeinek jai giroan murgiltzea oso erraz edukiko duela azpimarratu nahiko nuke. Alde zaharreko giroa zein Zelai eta ingurukoa ere esku-eskura daude. Ondo pasatzeko hamaika aukera daude, euskaldun giroan, gainera. Ume, gazte, heldu zein zahar, denok gonbidatuta zaudete.
Eta zuek aurten zer prestatu duzue?
Aurten Junior mailako Bizkaiko 25. Itzuliaren bigarren etapa hemen egitea proposatu dugu. Aurreko barikuan egin zen. Jaiak hasi aurreko asteburun kirol ekintza ugari egin izan ohi dira, eta formatu hori egokia iruditzen zait.
Udan hainbat txirrindulari lasterketa egiten dira.
Udako hilabeteak oso garrantzitsuak dira guretzat, ekintzez bete-bete eginda ibiltzen gara. Ekainean bi lasterketa antolatu genituen: bata, eskola mailakoa eta, bestea, afiziatu mailako Euskadiko txapelketa izan dena aurten. Hilabete amaieran, berriz, Etxebarrian kadete mailako lasterketa ere antolatuko dugu. Urtero antolatzen ditugun lasterketez gain, lasterketa garrantzitsuak antolatzeko aukera ere eduki dugu.
Zeintzuk, esaterako?
Urteren batean Emakumeen Birako etaparen bat eta Euskal Herriko Itzuliaren etaparen bat ere antolatu izan ditugu. Egia esan, Mundu mailan profesional mailako onenak igaro dira bertotik.
Eta lasterketak antolatzeaz gain, zertan aritzen zarete?
260 bat bazkide eta boluntariok osatzen dugu elkartea. Eskoletako umeak dira gure lanaren oinarria orain. 22-25 bat gaztetxo ditugu. Hain zuzen ere, eskola mailan oinarri bat finkatzea eta hori indartzen joatea da gure helburua. Umeek taldean bizikletan ibiltzen ikastea da gure asmoa. Gure eskolan hasitakoak orain beste talde batzuetan daude orain, eta maila bikaina erakusten ari dira kadete, gazte eta afizionatu mailan.