Sorkuntza artistikoa bultzatuko duen I. Margo Lehiaketa, Markina-Xemeinen
Astelehenean [uztailak 15], Karmen Egunaren bezperan, herriko gune desberdinak margotuko dituzte parte hartzaileek. Ume, gazte zein helduei zuzendutako lehiaketa dela adierazi du udalak
Karmen jaiak berritasun bategaz datoz Markina-Xemeinera. Arteari eta sorkuntza artistikoari bultzada emateko helburuagaz, I. Margo Lehiaketa egingo du astelehenean Markina-Xemeingo Udalak.
Luis Egurrola alkatearen berbetan, egitasmo berritzaile horregaz udalerria herritar zein bisitariei ikuspegi desberdin batekin aurkeztu nahi diete. Zehazki, margolarien ikuspegia izango da herriko txokoei bizitza berri bat emango diena. «Beste ikuspuntu artistiko batetik Markina-Xemein nola ikusten den ezagutzera ematea nahi dugu». Udalerrian dagoeneko arteari zuzendutako hainbat tailer daudela dio alkateak, «sormen lantegia, adibidez». Horri jarraituta jaio da lehiaketaren ideia.
Azaldu duenez, «ahalik eta artista kopuru handienak parte hartzeko lehiaketa erakargarria eratu dute». Margolariek beraien artelanak sortzerako orduan erabili ahal izango duten teknika librea izango da. Artelanen gai nagusia udalerria eta inguruak dira eta lehiaketa aire librean egingo dute: artistek Markina-Xemeingo edozein txoko aukeratu ahalko dute lanean aritzeko.
Herritarrek artisten sormen prozesuan guztiz murgildu ahalko dute. 10:00etatik 13:00etara bitartean, informazio puntu bat kokatuko dute udaletxe aurrean. Bertan, margolari bakoitza non egongo den azalduko diete herritarrei, margo ibilbidea osatuta. Modu horretara, markina-xemeindarrei prozesua jarraitzeko aukera eskainiko diete, artea udalerritik haratago zabaltzea lortzeko.