Jai feministen aldarrikapenak zeharkatu ditu Markina-Xemeingo kaleak
Txupinazoa gaur botako badute ere, Markina-Xemeingo Txosnek atzo arratsaldean eman zioten hasiera Karmen jaietako egitarauari 'Jaixetan be erasorik ez' manifestazio zaratatsuagaz. Eraso sexisten kontrako bideoa egin du aurten udalak.
Jai feministak aldarrikatuz hasi dituzte Karmen jaiak, aurten ere, Markina-Xemeinen. Jaien hasierako txupinazoa gaur [uztailak 12] botako badute ere, atzo [uztailak 11] eman zioten jaietako egitarauari hasiera Markina-Xemeingo Txosnek. Jaixetan be, erasorik ez! aldarria zabaldu zuen herriko kaleetan zehar manifestazio zaratatsuak.
Argi utzi zuten jaietan ere ez dutela inoren nortasuna zapaltzen duen eraso bat ere onartuko: ez sexista, ez transfobo, ez homofobo, ez arrazistarik, ez bestelakorik. “Gure herriko jaietan ere, askotan ikustea kostatzen zaigun arren, sarri jasaten ditugu erasoak. Biluzten gaituzten begiradak, gutxiesten gaituzten txisteak, nahi ez ditugun piropoak, eskatu ez ditugun iritziak, etxera bakarrik joateko beldurra, gainetik kendu ezinik ibiltzen garen astunak, onartzen ez ditugun ukituak… Horren aurrean ez gara isilik geldituko, beti erantzungo dugu”.
Herritarren kontzientziazio handitu egin dela adierazi zuten alde batetik, baina, azken asteetan, bestalde, atzerapausoak eman direla azaldu zuten. “Eta ez gaude atzerapausoak onartzeko prest: hilketa sexisten kasuen erantzunek gutxitu eta jaietako erasoen gunea ez jartzea. Oso ondo dago kanpainak egitea herria horren kontra dagoela ikusteko, baina horrek ez du oinarrian dagoen arazoa konpontzen. Borroka horren motorra mugimendu feminista da, eta mugimendu feministagaz kontatu barik erabakiak hartzea zuriketa”.
Zer edo zer lortuko bada emakumeen arteko saretzeak lortuko duela esan zuten. “Gure ahalduntzeagaz eta autodefentsagaz egingo dugu aurrera. Gure helburua ez da erasoen ostean erantzute hutsa, gure helburua Markina-Xemein feminista da, ezelako erasorik egongo ez den Markina-Xemein”.
Bideoa. Karmen jaien atarian, Markina-Xemeingo Udalak ere, jaien baitan gerta litezkeen eraso sexisten aurkako mezu argia eta irmoa zabaldu du. “Argi eta garbi uzteko inolako eraso sexistarik ez dela onartuko, ez jaietan ezta beste inolako esparruetan ere”, esan dute. Jaietan ere eraso sexistarik ez mezua indartzeko bideo bat egin dute, eta bideoa sare sozialen bidez zabalduko dute gaur [uztailak 12], jaien hasierarekin bat eginez.
JAIETAN ERE ERASO SEXISTARIK EZ!Jaietan ere #ErasoSexistarikEz! #KarmenJaiak2019#MarkinaXemeinUdalaren izenean, eskerrik beroenak bideoan parte hartu duzuen guztioi eta milesker Txorixe Bideoak
Publicada por Markina-Xemeingo Udala en Viernes, 12 de julio de 2019
Udalak azaldu duenez, batez ere jaiekin lotura berezia duten eta ekintzen antolaketan parte hartu ohi duten kirol, kultur zein gizarte arloko herritarrei egin nahi izan diete gonbita bideoan parte hartzeko. “Parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Bestalde, jaietan eraso sexistak saihestea helburu duen Emakunderen Jai-giroan ere beldur barik kanpainarekin bat egin du udalak, eta mezu hori zabaltzeko, jai esparruan pegatinak banatuko dituztela aurreratu dute.
Zozketa eta afaria. Atzo egin zen bai eta ere, XATek antolatutako Asto Pekotzaren zozketa. 17:00ak pasatxo atera zuten astoa Zelaiko berdegunera, eta ordu eta erdi ibili zen bueltaka pekotza egin arte. Aurtengo zenbaki saritua 1.085 izan da. Zorionekoak aste beteko epea edukiko du saria jasotzeko, horretarako XATekoekin harremanetan jarri beharko da.
Jaietan murgiltzen hasita, gauean, afaria eta Bertsio Gaua egon ziren atzo, txosnagunean.