Ondarroako arrantzaontzi bateko patroia eta armadorea zigortu dituzte, babestutako marrazoak harrapatzeagatik
Ontziko armadorea eta patroia 600 euroko isuna ordaintzera zigortu dituzte. Ingurumenaren aurkako delitua egitea leporatu diete, babestutako hogei marrazo atzeman ostean.
Gernika-Lumoko lehen auzialdiko eta instrukzioko bigarren auzitegiak Ondarroako portuan izena emanda dagoen Tonino Segundo ontziko arduradunak zigortu ditu. Hain zuzen ere, ontziko armadorea eta patroia 600 euroko isuna ordaintzera zigortu du bakoitza, eta hiru hilabete eta hamar eguneko gaitasungabetzea ezarri die arrantzan egiteko. Zehatz esanda, eguneko 6 euroko isuna ordaindu beharko dute, gaitasungabetuta dauden egun bakoitzeko.
Ingurumenaren aurkako delitua egitea leporatu diete patroiari eta armadoreari, iaz, 2018ko apirilean, babestutako Lamna nasus espezieko hogei marrazo atzeman ostean. Ikerketan, gainera, ontziko beste bi arduradun ere ikertu zituzten. Ontziak, berez, marrazo espezie batzuk arrantzatzeko baimena zuen, baina baimen horretaz baliatuaz, “babestutako espezieak ere harrapatzen zituen”.
Salaketa, Eguzkik jarritako salaketa batetik abiatu zuten. Ertzaintzak azaldu zuenez, 2017 bukaeran jaso zuten salaketa baten hasi ziren ikertzen. “Salaketa harek jasotzen zuenaren arabera, Ondarroako arrantza ontzi batek debekatutako marrazo espezieak lehorreratzen zituen Ondarroan eta gero marrazo hegalak saltzen zituen. Hori ez da legala”.
Salaketa jaso eta gero, Ertzaintza konturatu zen Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan marrazoak arrantzatzeko baimena zuten bi ontzi zeudela; eta bi arrantza ontziak Ondarroakoak ziren. Ontzian, baina, bestelako marrazo espezieak arrantzatzeko baimena zuen bakarrik.