Oporrak Bakean programaren barruan Ondarroara etorri diren umeei ongietorria egin diete
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak harrera familien lana, borondatea eta elkartasuna eskertu nahi izan ditu.
Tindufeko (Argelia) saharar errefuxiatuen kanpalekutik Ondarroara uda pasatzera etorri diren Hurria, Lamat, Fardi eta Ahmed Babari ongietorria eman diete gaur [uztailak 12]. Hain zuzen ere, Oporrak Bakean programaren baitan herrira iristeke zeuden bi umeak ailegatu direnean egin diete omenaldia Kalekurutzeko eskaileretan. Kresala Kultur Elkarteko dantzariek agurra dantzatu diete lau herritar berriei, eta ostean, lora sorta bana ere eman diete. Yaalah elkarteko kamiseta bana ere oparitu diete.
Ekitaldian hainbat herritarrek parte hartu dute, eta horien artean egon dira hainbat udal ordezkari ere. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea eta harrera familia bateko kidea lau ume sahararrei ongietorri eman ostean, harrera familien lana, borondatea eta elkartasuna eskertu nahi izan ditu. “Eskerrak eman nahi dizkizuet haur hauek uda gure artean pasatzea ahalbidetzearren. Herritar eta familia gehiago ere animatu nahi ditut proiektu honetan murgiltzera, eta Euskal Herrira datozen 300dik gora umeetako bat harreran hartzeko”.
Eneko Bedialauneta Yaalah elkarteko kideak ere eskerrak eman dizkie harrera familiei, herritarrei eta udalari, euren proiektuak gauzatzeko emandako laguntza guztiagatik.