Zelai bete jende eta barre algarak ekarri ditu beste behin Markina-Xemeinera Kuadrilla Egunak
2.700 lagunek bete dute Zelaia herri bazkarian. Herritxouean 10 kuadrillak parte hartu dute, eta lehen saria iazko irabazleek jaso dute: Los Guaposek.
Txistularien kalejiragaz esnatu da gaur, uztailak 13, Markina-Xemein, eta esku pilota partiduek jarraitu dute Zelai ingurua girotzen ondorengo orduetan. 12:30ak orduko asko eta asko ziren paellak prestatzen hasita zeuden kuadrillak.
Inork ez dio hutsik egin Kuadrilla Eguneko hitzordu handiari, eta ume, gazte zein nagusi, 2.700 lagun bildu dira aurten ere bazkaritan; “gehiagorentzat lekua balego, gehiago ere bilduko ginateke”, zioen paella prestatzen zebilen batek.
Bazkalostea barre algarez jantzi da beste behin. Jon Martinez Txiki–ren 40 urte eta aldapan behera niek bakarrizketa adi-adi jarraitu dute denek, eta haren ateraldiei barrezka eta txaloz erantzun diete. Herriko merkatariek herriko establezimenduetan inbertsio handiena egin duen kuadrilla saritu dute ondoren. Gerotxua kuadrillak 100 euro jaso ditu herriko dendetan gastatzeko.
Herritxouak hartu du agertokia ondoren. Eneko Arrate eta Luis Egurrola alkateak eman die ongietorria parte hartzaileei eta Abarka Antzerki Taldeko aurkezleei, Rakel Dominguezi eta Rakel Anituari. Polita eta dibertigarria izan da kuadrillek eta banako batek edo bestek eskaini duten show-a.
[UZTAILAK 12 eta 13ko ARGAZKIAK]
Hamar talde. Agertokira hamar talde igo dira: Txikota, Alexandra Groso, Los Guapos, Iban Mendizabal, Sekula honakoik, Olgetan, Abdela Ellati, Ane Maguregi, Mari Carmen Balentziaga eta Terremoto Txiki. Euskal eta atzerriko dantzen doinupean, publikoa zutik jartzeko moduko saioak eskaini dituzte. Herriko saltokietan gastatzeko bonuak jaso dituzte opari lehen sei sailkatuek: Terremoto Txikik, Ane Maguregik, Alexandra Grosok, Olgetanek, Sekula honakoikek (aldarrikapen feministagaz zutik jarri dute Zelaia), eta Los Guaposek. Azken horiek irabazi dute lehen saria, iazko garaipena berretsiz, gimnasiari eskainitako saio umoretsuagaz. Irabazleek orain dela 25 urte Herritxouan egin zuten saio bera egin dute. Merkatari elkartekoen izenean Laura Arrietak eman die irabazleei saria.
Kuadrilla Egunak ordu txikietara arte jarraituko du.